Bikote Bionikoa
Estreinaldia
Gaur estreinatuko da "Bikote Bionikoa", umorea eta zientzia uztartzen dituen ETB1eko saio berria
EITB MEDIA
Mikel Perezek eta Iñigo Agirrek aurkeztuta, giza gorputzaren mugak eta gaitasunak neurtuko dituzte erronka dibertigarri eta eszentrikoen bidez. ABA (Adimen Bioniko Ahalduna) adimen artifiziala izango dute gidari, eta hark proposatuko dizkie erronkak. Lehen programan, beldurrak jorratuko dituzte.
Gaur estreinatuko du EITBk "Bikote Bionikoa", zientzia eta umorea uztartzen dituen programa berria. Inguratzen gaituen mundua hobeto ezagutzeaz gain, giza gorputzaren mugak eta gaitasunak neurtuko dituzte, erronka dibertigarri eta eszentrikoen bidez. Horretarako bi giza akuri hautatu dituzte: Mikel Perez Artola eta Iñigo Agirre Atxabal.
Adimen artifizial bat izango dute saioan gidari: ABA (Adimen Bioniko Ahalduna); berak proposatutako proba fisiko eta mentalei aurre egin beharko diete Mikelek eta Iñigok. Programaren amaieran elkarren aurka lehiatuko dira. Partaideek erronken aurrean izaten dituzten erantzunen azalpen zientifikoa emango du adimen artifizialak programan zehar.
Mikel Perez eta Iñigo Agirre
Beldurrak izenburua du lehen atalak eta beldur mota ezberdinei egin beharko diete aurre bertan, tartean ezezagunarekiko beldurrari eta altuerak eragindako beldurrari. Naturaz gaindikoarentzako tokia ere izango da erronketan, eta erreakzio instintiboak desikasi beharko dituzte. Finaleko erronkak gizakion beldurrik handienetako bat izango du oinarri: bizirik lurperatua izatea. Gure beldurren eta gure gorputzaren erreakzioen inguruan ikasiko dugu lehen saioan, umorea ahaztu gabe.
"Bikote Bionikoa" asteartetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.