Eitb Kultura
Gaur, ETB1en eta ETB2n
Musika Hamabostaldiko kartelen errepasoa, 'EiTB Kultura Transit' saioan
A.A. | EiTB
Sortzaileen atalean Cabezafuego musikaria elkarrizketatuko dute, ostegun honetan.
Donostiako Musika Hamabostaldia iragartzeko egindako karteletan jarriko du begirada aste honetan 'EiTB Kultura Transit' saioak. Euskal artista ezberdinak aritu dira lan horretan azken 27 urteetan: eskultoreak, margolariak, diseinatzaile grafikoak, zinemagileak…
Musikak eta arte-plastikoak bat egin dute Musika Hamabostaldiari esker. Emaitzak ezberdinak izan dira bata bestearengandik, artista bakoitzak bere ikuspuntua eta lengoaia erabili baititu. Horietako hirurekin izan da programako lan-taldea: Manu Muniategiandikoetxea, Ricardo Ugarte eta Elena Odriozola.
Cabezafuego izango da, bestalde, aste honetako Sortzailea. Izen honen atzean Iñigo Garces Gimenez musikaria dago. Atom Rhumba, Mermaid eta Bizardunak taldeetako kide izandakoa, besteak beste. 2014an kaleratutako Camina conmigo diskoarekin bakarkako ibilbidea sendotu zuen, eta aurtengo urte hasierarekin batera, bigarren lana kaleratu du: Somos droga.
Color Hits irabazi asmorik gabeko estudioaren eta Autsider Comicsen arteko kolaborazioak ahalbidetu du binilo-komiki hau egitea. Salsak, operak, boogalooak, psikodeliak, sapler-ak… denek dute lekua arauak hausten dituen disko lotsagabe honetan.
'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai 23:25ean ETB1en eta 00:50ean ETB2n.
/p>