Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Pettiren zuzeneko diskoaren grabazioaz, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan

EiTB

Saioa, gainera, Malmö diseinu taldearekin egon da eta Miren Amurizaren kultur gomendioak ezagutu ditu.

  • Petti, 'Argiak errepidean' kantaren bideoklipean

    Petti, 'Argiak errepidean' kantaren bideoklipean

Bere ibilbide profesionalean bigarren aldiz aukeratu du Petti musikariak Tolosako Bonberenea zuzeneko disko bat grabatzeko, eta 'EiTB Kultura Transit' saioak sortze-prozesua gertutik ezagutuko du gaurko saioan. Hogei urteko ibilbidea du musikan beratarrak, eta hasieran orain baino inkontzienteago egiten zituela kantuak onartzen du. Hala ere, hasieran sortutakoei haiei zein abestirik berrienei begiratu die bere azken lan hau prestatzeko.

'EiTB Kultura Transit' saioko lan-taldea berarekin izan da, Bonberenean bertan. Zuzenekoei aurre egiteko erabiltzen dituen estrategiez jardun du, eta zein kantu diren bere bizitzatzako pasarte ezberdinen inguruan hitz egiten dutenak.

Sortzaileak: Malmö

Izenagatik hala badirudi ere, Malmöko lagunen lana ezagutzeko ez dago Suediaraino bidaiatu beharrik. Elizondon dute estudioa Juan Angel eta Mariak, eta bertara hurbildu da saioa euren ilustrazio eta diseinuak ezagutzera, Malmöeneara. Disko azalak, etiketak, kamisetak zein lettering-a lantzen dituzte bertan, arkatzez hasitako zirriborroetatik abiatuta beti ere. Iturengo joaldunak, Mexikoko sinbologia, Goyaren koadro gaurkotuak eta Arizkungo inauteak nola batzen diren erakutsiko dute.

Zakura: Miren Amuriza

Album ilustratuak omen ditu gustuko Miren Amuriza bertsolariak. Horietako batzuez arituko da Durangoko Arteka liburu-dendan; hala nola, Ilargia esnatu da, Lohia edo Barrukoa aipatu ditu. Zinemari dagokionez, barrea eragiten dioten filmen zalea da, The Party edo Los buenos vecinos, kasu. Musikan, berriz, Mursegoren jarraitzaile sutsua dela aitortu du berriztarrak.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.