Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Xake bizidun baten sorkuntza, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan

EITB

Olatz de Andresen Lokke dantza-konpainiak sortu duen azken ikuskizunean murgilduko dira.

  • 'EiTB Kultura Transit' saioa

    'EiTB Kultura Transit' saioa

Lokke dantza-konpainiaren xake biziduna, Joseba Apaolaza aktorearen kultura gomendioak eta Gorka Larrañaga artistaren lanak osatuko dute 'EiTB Kultura Transit' saioa gaur gauean.

Olatz de Andresen Lokke konpainiak The Big Game dantza-ikuskizuna estreinatu du: xake-partida bat erakusten du, dantzariak xake pieza bakoitzaren lekuan jarrita, beren mugimenduekin norbanakoak kolektiboan duen eragina agerian utzi nahian.

Dantzerti eskolako 30 ikaslek hartzen dute parte bertan, helburu komunitario eta pedagogikoa duen ikuskizuna baita. Bi urteko lanaren emaitza da The Big Game. Zer-nolako lana egiten duten ikustera hurbildu da 'EITB Kultura Transit' saioan.

Joseba Apaolaza: Zakua

Madrilera joan-etorrian eta negu giro betean hartu gaitu Joseba Apaolazak Irungo liburutegian bere kutunez hitz egiteko. Besteak beste, The Stranglers taldea eta The Band mitikoaren azken kontzertua, Amores Perros film mexikarra eta Eduardo Galeano eta Ander Izagirreren liburuak atera ditu zakutik.

Gorka Larrañaga: Sortzaileak

Gorka Larrañaga artista 13 urtez bizi izan da Mexikon. Casa Galería izeneko galeria zuzendu eta arte-irakasle izateaz gain, bere lan koloretsu eta geruzaz betea osatzen joan da urteen poderioz. Egun, Mexiko Hiriaz eta bertako bizimoduaz 'itota' itzuli omen da jaioterrira, Azkoitira.

Bertako estudioan ezagutu dugu azken hamarkadan bere obrak izan duen bilakaera, eta Azpeitiko Zuri Hartz galerian, bere obrarik berriena; izan ere, sortu berri den arte-galeria hau Larrañagaren 'Reset' lanarekin inauguratu dute. Aurreko obrarekin hausten duten zuri-beltzeko collage abstraktu eta iragankorrak ikusi ahal dira bertan.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.