Eitb Kultura
Gaur, ETB1en eta ETB2n
Kinoskopik zine ekoiztetxe gasteiztarra protagonista, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Horrez gain, Izaro abeslariaren gomendio kulturalak eta Izaro Ieregi artista algortarraren lana ezagutuko du saioak.
-
'EiTB Kultura Transit'
'EiTB Kultura Transit' saioak Kinoskopik zine ekoiztetxea hartuko du protagonista, eta, horrez gain, Izaro abeslariaren kutunak bilduko ditu eta Izaro Ieregi artistaren lana izango du Sortzaileak atalaren hizpide.
Kinoskopik ekoiztetxe gasteiztarrak 2007an hasi zuen ibilbidea, eta, ordutik, Sobietar Batasuna zenaren lurraldeetan, Grezian eta Euskal Herrian egin dituzte pelikulak. Diotenez, ausardia da beren marka, eta zoriak eta abenturarako gogoak eraman ditu lurralde urrun horietara lan egitera, eta batzuetan ezkutuan ere aritu behar izan dute.
Euren azken ekoizpena Grezian filmatu dute, ohi baino inguru lasaiagoan: Emma Suarez protagonista duen Sumendia pelikula. Postprodukzio fasean daude orain. Gasteizen dute hitzordua beraiekin, beren ibilbide bereziari errepasoa egiteko.
Izaroren kutunak
Tabakaleran hartu du "EiTB Kultura Transit"eko lantaldea Izaro Andres musikariak. Nora Jones du erreferente, eta Novo Amorren kantuek sortzen duten atmosfera du gustuko.
Instagram bidez ezagutu zituen Amanda Oleanderren ilustrazioak, eta ordutik ez die begirik kendu, ezta Chihiroren bidaia bere film gustukoenari ere. Literaturan, berriz, El libro negro de los colores eta 22 liburuak proposatu ditu.
Izaro Ieregi, Sortzaileak ataleko protagonista
Feroz eta kabala da Izaro Ieregi artista algortarraren azken lana. Biolentzia egoera batean, norbanakoaren gorputzean eta ahotsean gertatzen diren distortsioak jaso ditu hiru bideo-piezatan, eta estetika xamur eta maitekor batekin ikusarazten ditu. Gasteizko Montehermoson dago erakusketa ikusgai, eta bertan elkartu dira berarekin.
Artea ikerketa etengabea dela dio, eta obra horren jatorria ikertzen lagundu digu. Izan ere, harrigarria bada ere, Lazkaoko beneditarren artxibategia da proiektuaren abiapuntua.
'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n. eitb.eus-en ere ikusgai izaten dira ordu berean.