Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
EOSeko lau emakume musikari, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit'en
EITB
Gainera, Goizalde Landabasoren kutunak eta Maria Elorza sortzailearen lana ezagutuko ditugu.
-
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hari laukotea osatzen duten emakume musikariekin izan dira 'EiTB Kultura Transit' saioaren gaurko atalean. Ganbera kontzerturako entseguan egongo dira beraiekin: gehien gustatzen zaien formatua da, ematen dizkien aukerengatik.
Europan musikari izatea zer den ondo ezagutzen dute, eta martxoaren 8aren harira, esan digute, besteak beste, emakumeek gutxitan zuzendu dutela eta zaila dela emakumeek sorturiko konposizioak topatzea. Orkestrako hamar musikaritik hiru baino ez dira gaur egun emakumeak, nahiz eta, kontatu digutenez, bertako kide bihurtzeko probak gortina baten atzean egiten diren.
Goizalde Landabasoren kutunak
Orduak ematen ditu Goizalde Lanbadasok irakurtzen. Irakurtzen eta idazten; izan ere, Garazi Goiarekin batera kaleratu berri du 1.362 km euri gutun-liburua.
Radio Euskadiko esatari honek poesia ere gustuko du. Bilboko Joker komiki-dendara eraman gaitu komikiez hitz egitera, eta Pilula urdinak, Zubigileak eta Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak aipatu ditu. Poesian, berriz, Azken zakatzat eta Yahya Hassan-en obra aipatuko ditu; musikan, Libe du gustuko eta zinemari dagokiones, La eternidad y un día filmaz arituko da.
Maria Elorza: Sortzailea
Maria Elorzak kontaketa eta zinea ditu ardatz bere lanean eta ibilbide artistikoan. Hainbat film labur sortu ditu: Agosto sin ti, Gure hormek (Kimuak 2016) eta La chica de la luz (Kalebegiak 2016) adibidez. Eta Maider Fernandezekin batera, Las chicas de Pasaik izenpean.
Guk, ordea, bakarka sorturiko azken lanetan jarri dugu fokua: Aitaren korbatak, etxeko ariketa modura planteatutako omenaldia da, eta Ancora lucciole (Kimuak 2018) Passoliniren artikulu bat oinarri duen filma. Izan ere, zinea baino gehiago literatura duela inspirazio iturri aitortu digu donostiarrak.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere ikusgai izaten dira.