Etxekoak
22:00etan
Sorpresak, koronabirus kasuak eta ideia zoroak, gaur gauean, "Etxekoak Udan" saioan
EiTB
Iñakiren, Arantxaren eta Izaroren etxebizitza-blokea konfinatuko dute agerraldi bat dela-eta, Xantik eta Lolik 'tiktoker' bilakatu nahiko dute eta Unaik opari oso berezi bat egin nahiko dio Mariari.
Gaur gauean, "Etxekoak Udan" telesailaren atal berri bat izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Sekretutxo asko deskubrituko ditugu, izan ere, bertan jakingo dugu zer ezkutatzen duen benetan Joxeanek Iñaki eta Arantxari utzi dien maletak.
Aste honetan, Unai, Oier eta Aitor surf ikastaro batean apuntatuko dira, Mariaren bikote ohi guztien konplexua baitu Unaik.
Iñakiren, Arantxaren eta Izaroren etxebizitza-blokea konfinatu egingo dute COVID agerraldi bat dela medio; eta, Leire, aspaldiko laguna, Euskal Herrira etorriko da. Maria, Eider eta Nerearekin geratu nahiko du, baina arazo bat izango dute: Leire Bartzelonatik dator eta bertan, koronabirus kasu asko daude; horregatik, neskek zalantza izango dute lagunarekin geratu edo ez.
Gainera, Xantik eta Lolik laguntza eskatuko diote Izarori bere proiektu berriarentzat, izan ere, tiktoker bilakatu nahi dute. Lortuko al dute halakorik?
Unaik bere aldetik, opari berezi bat egin nahiko dio Mariari, eta horregatik, bere amonaren eraztuna oparitzea bururatuko zaio. Hori jakitean, Oierrek eta Eiderrek ideia kendu nahiko diote burutik.
Bukatzeko, Izarok Mariarekin egingo du topo auzotik urrun dagoen farmazia batean. Zer ari ote da erosten Maria?
"Etxekoak Udan" gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.


