Euskalonski
22:00etan
Helsinkin izango da Pello Reparaz, gaur gauean, 'Euskalonski' saioan
EiTB
Pello Reparazek Finlandiako hiriburuan bizi diren euskaldunak ezagutuko ditu.
Eskularruak jantzi eta Helsinkira joango da Pello Reparaz, gaur gauean, 'Euskalonski' saioan. Iparraldean dago Finlandia, mapak amaitzen diren tokian, Norvegiarekin muga eginez, hartz zurien ezkutalekuetatik oso gertu.
Lanera joan aurretik topatuko da Pello Erika Paakinenekin, baina ez edonola: itsasbazterrean dauden igerileku naturaletan bainatzen da egunero, ur izoztua ona delakoan.
Ederki freskatu eta gero, Hanna Lanttorekin egingo du topo Helsinkiko kale izoztuetan, eta euskara nola hitz egiten duen erakutsiko dio.
Bestalde, gizarte-laguntza amaigabe idiliko horiek egiazkoak ote diren ikusiko du Pellok Ibai Mendia eta haren neska-lagun finlandiarrarekin. Batzuetan, gauzak ez dira saltzen dizkiguten bezalakoak.
Aitor eta Maia Ossa bikiak Zumaiatik etorri ziren, baina ez atzerrira, jatorrira baizik. Pellok haien istorio bitxi eta polita ezagutuko du Helsinkiko saunarik txikienean.
Elur-maluta eta kale izoztuen artean, euskalonski paregabeak topatuko ditu Pellok: Lourdes Pastoriza interpreteak 40 urterekin erabaki zuen Finlandiara joatea, alaba Euskal Herrian utzita. Gurutze Etxeberriak, ordea, seme-alabak Finlandian edukitzea erabaki zuen, eta hantxe topatuko ditu Pellok Elene eta Julen Sillanpaa, euskaraz abesten.
Azkenik, tabernak eta hizkuntzak asko maite dituen Timo Riiho finlandiarrarekin egingo du hitzordua, Kaurismakiren filmetatik ateratakoa dirudien taberna batean.
'Euskalonski' astearteetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.