Gailurra
22:15ean
'Gailurra Martxan' Bardearaino joango da gaur gauean
A.E.|EiTB
Iratik 54 kilometroko bizikleta martxa egingo du eta Andonik, berriz, oinezko ibilbidea.


Gaur gauean, Andoni eta Irati Bardearaino joango dira 'Gailurra Martxan ' saioko bigarren atalean.
Oraingoan, Iratik 54 km-ko bizikleta martxa egingo du, Media Extreme. Berarekin, raidetan adituak diren Maitane Garmendia eta Amagoia Legarra arituko dira.
Bitartean, Andonik oinezko ibilbidea egingo du Bardean barrena, eta horretarako laguntzaile talde bat izango du. Horien artean, geologo bat, Bardea nola sortu zen azaltzeko; zaldi hezitzaile bat, Andoniri zaldian ibiltzen erakutsiko diona; bertako apaiz ohi bat; Serbian egondako suhiltzaile bat, bai eta Saharako maratoian aritzen diren bi lagun ere.
Ibilbidean, beste hainbat lagun topatuko ditu taldeak. Adibidez, Pello Hernando ezagutuko dute kozinatzen duen bitartean. Pelloren aitak Everesterako lehenengo euskal espedizioan hartu zuen parte, eta aitak hara eraman zituen arropak erakutsiko dizkigu semeak. Gero, falkoneria aditu batek inguruko hegaztien berri emango dio Andoniri. Eta Bardeako artzain euskaldun bakarra ezagutzeko aukera ere izango dugu.
Beti bezala, girotzeko musika izango da, oraingoan Bankako Menditarrak taldearen eskutik. Aukera-aukerako taldea, koro honetako kide guztiak artzainak dira eta.
'Gailurra Martxan' 22:15ean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.
trong>