Itxi

Gure Kasa

Gure Kasa

Gure Kasa

21:30ean

Eneko Sagardoy aktorea izango da gaurko gonbidatua 'Gure Kasa' saioan

EiTB

Aitor Frantsesenak, gainera, eskiatzen ikasiko du Dani Gavaldarekin, Gaizka Loiola eskiatzaile itsuaren entrenatzailearekin.

  • Eneko Sagardoy pianoa jotzen

    Eneko Sagardoy pianoa jotzen. Irudia: EiTB

Eneko Sagardoy aktore durangarra izango da gaurko gonbidatua 'Gure Kasa' saioan. 25 urte besterik ez du Sagardoyk, eta dagoeneko telebistan, antzerkian eta zineman lan arrakastatsu askotan parte hartu du. Lanik ezagunenak ETB1eko 'Goenkale' telesailean eta Errementari eta Handia film arrakastatsuetan egin ditu. Azken horrekin, gainera, aktore berri onenaren Goya saria jaso zuen 2018ko otsailean.

Duela aste gutxi estreinatu zen Soinujolearen semea filmean ere aritu da, eta orain 'Patria' telesaila grabatzeko lanetan buru-belarri dabil Sagardoy. 'Gure Kasa'n luze eta zabal ariko da lan berri horri buruz, baita hemendik aurrera dituen proiektuez ere.

Isma Pereirak emotikonoen jolas berezi bat proposatuko die Eneko Sagardoyri, Zuriñeri eta Telleria anaiei. Aktore lanetan aritu beharko dute guztiek.

Aitor Frantsesena kolaboratzailea Baqueira Bereten izan da snowboarda egiten. Dani Gavalda kataluniarrarekin erreportajea egin du Frantsesenak; Gaizka Loiola eskiatzaile itsuaren entrenatzailea da Gavalda. Ikusi ez arren, Daniren laguntzarekin, eskiatzen aritu da Aitor. Ikustekoa izango da!

Jon Garate kalean ibili da, eta, Sagardoyren Goya sariaren aitzakiarekin, sari-banaketa bat antolatu du Zarauzko kaleetan. Nahiara Gagok artxiboko irudirik zaharrenak ekarriko ditu Eneko Sagardoy pixka bat lotsagorritzeko. Nolakoa zen Eneko duela 10 urte? Unibertsitate garaiko bideo bitxi batekin ahoa bete hortz utziko dute Sagardoy.

'Gure Kasa' astelehenetik ostegunera izaten da ikusgai, 21:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.