Gure Kasa
ETB1en, 21:30ean
Iker Murillo dantzaria izango da gaurko gonbidatua 'Gure Kasa'n
EiTB
Pasaitarraren ibilbide profesionala ezagutuko dute Telleria anaiek egingo dioten elkarrizketaren bidez.
-
Iker Murillo. Irudia: EiTB
Euskal Herriko ballet dantzari onenetako bat izango dute gonbidatu 'Gure Kasa' saioan gaur gauean: Iker Murillo. Pasaian jaio zen, 1978an, eta, berehala, bere oinek saltoka ibiltzeko grina erakutsi zuten. Saltoz salto, aurresku txapelduna izan zen, eta, ondoren, dantzari klasikoa izateko jauzia eman zuen, Alemanian eta Suitzan. Bere ibilbidearen gailurrean zegoela, Lausanako Béjart Ballet konpainian, Ikerrek herrimina sentitu zuen. Horrela, bera eta bere senarra, Vitali Safronkine koreografoa, etxera itzuli ziren, proiektu berriak martxan jartzeko irrikan. Uniqart konpainia sortu zuten elkarrekin, eta baita Pasaiako Studio 24 dantza akademia ere.
Telleriatarrekin luze eta zabal ariko da bere ibilbide profesionalaz. Ikerrek dantza-pauso batzuk erakutsiko dizkie Tolosako aurkezleei, baita 'Gure Kasa'ko kolaboratzaileei ere.
Jon Gotzon Aldaparenak galdera bihurriak egingo dizkio gonbidatuari Dagoenean bon-bon atalean, eta Nahiara Gagok horren senide eta gertuko lagunekin grabatu duen Oroitzapenen kaxa erakutsiko dio.
'Gure Kasa' 21:30etik aurrera izaten da ikusgai, astelehenetik ostegunera, ETB1en eta eitb.eus-en.