Itxi

Handitzen Handitzen

Handitzen Handitzen

Handitzen Handitzen

ETB1en, 22:00etan

Maria Cristina hotelaren barrunbeak erakutsiko dizkigu 'Handitzen, Handitzen' saioak

EiTB

Donostiako bost izarreko hotela bisitatuko du igande honetan Zuhaitz Gurrutxagak Aratz, Jone, Izar, Irei eta Garazirekin batera.

0:26
Zuhaitz Gurrutxaga eta 'Handitzen Handitzen' saioko haurrak Maria Cristina hotelaren aurrean

Donostiako Maria Cristina hotela bisitatuko dute gaur Zuhaitz Gurrutxagak eta bere lagun taldeak 'Handitzen, Handitzen' saioan. Aratz, Jone, Izar, Irei eta Garazirekin batera, hiriko bost izarreko hotel bakarra eta bertako langileak ezagutzeko aukera izango dute.

Eguna ezin hobeto hasiko dute Ireik eta Zuhaitzek: hoteleko buffetean gosaltzen. Besteak beste, madalenak, gozokiak eta kabiarra probatuko ditu Irei txikiak. Bitartean, bertako langile batek, Haizeak, bezeroekin duten gertuko harremana azalduko die.

Jonek Beñat ezagutuko du, hoteleko atezaina. Bere lana bezeroen kotxeak aparkatzea eta maletak geletara igotzea dela kontatuko die. Joneren maleta logela ikusgarri batera igo ostean, barruan umeak gordetzen duena ikusiko dute aurkezleak eta atezainak.

Bestetik, Izarrek eta Zuhaitzek hoteleko lanbide bitxi bat ezagutuko dute: Edurne kontserjearena. Lanparako jeinua balitz bezala, bere eginkizuna bezeroen eskakizun guztiak betetzea da. Hori aprobetxatuz, Izarrek eskakizun berezi bat egingo dio Edurneri. Emaitza saioaren unerik hunkigarriena izango da.

Aratzek argi dauka zer izan behar duen luxuzko hotel batek: logela barruan komun propioa. Hori baieztatzeko, Bette Davis suitea bisitatuko dute gure protagonistek Susanarekin batera.

Azkenik, hoteleko taberna ezagutuko du Zuhaitzek Garazirekin batera. Aitorren laguntzarekin, koktel bat asmatuko du Garazik, eta oso bezero bereziak topatuko dituzte bertan: Begoña eta Manoli, 80 urtetik gorako bi emakume donostiar.

Umorea, une politak eta sorpresa ugari izango ditugu 'Handitzen, Handitzen' saioaren bigarren atalean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.