Handitzen Handitzen
22:00etan
'Gure Zirkua', gaur gauean, 'Handitzen, Handitzen' saioan
EITB
Jone, Izar, Maddi, Irei eta Aimarrekin batera, zirkuko instalazioak eta bertako artistak ezagutuko ditu Zuhaitz Gurrutxagak.
Gure Zirkua bisitatuko dute gaur Zuhaitz Gurrutxagak eta bere lagun taldeak 'Handitzen, Handitzen' saioan. Jone, Izar, Maddi, Irei eta Aimarrekin batera zirkuko instalazioak eta bertako artistak ezagutzeko aukera izango du Gurrutxagak.
Gure zirkuaren sortzaile eta nagusi den Iker Galartzak krispetak jaten harrapatuko ditu Zuhaitz eta Irei. Zirkua nola sortu zuen kontatu ostean, lanean jarriko ditu Galartzak gure protagonistak. Furgoneta hartu eta herrian zehar zirkua iritsi dela iragartzen arituko da hirukotea.
Zuhaitzekin ezkutaketetan aritu ostean, Otxandioko Jonek Ane Miren bihurrikari edo kontorsionista ezagutzeko aukera izango du. Bere istorioa kontatzeaz gain, Ane Mirenek ariketa batzuk eginaraziko dizkie gure lagunei.
Bestetik, Maddik malabarista izateko dituen zailtasunak erakutsiko dizkio Zuhaitzi. Begietan duen 'monopatia' eta koordinazio falta dira, Maddiren ustez, malabarista eskasa izateko arrazoi nagusiak. Hala ere, Ekainek, Gure Zirkuko malabaristak, bista txarrarekin ere malabarista ona izan daitekeela demostratuko dio.
11 urte besterik ez ditu, baina Leitzako Aimarrek magotzat jotzen du bere burua. Hori bai, truko batzuekin arazotxoak dituenez, Zuhaitzek zirkuko Asier magoa aurkeztuko dio.
Azkenik, Izar akrobaziak egiten ikusiko dugu. Ez da izango, ordea, oholtza gainean ikusiko dugun akrobata bakarra: Koldok eta Iratik sekulako akrobaziak erakutsiko dizkigute, eta zirkuaren lanari buruzko euren esperientzia ere kontatuko digute.
Ohi denez, umorea, une politak eta sorpresak izango dituzte 'Handitzen, Handitzen' saioan, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.


