Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Zizurkil, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EITB

Gipuzkoako herri honetako biztanleen istorio bitxienak ezagutuko dituzte Zuhaitzek eta Pagadik.

0:30
'Herri Txiki, Infernu Handi'

Gaur, Herri Txiki, Infernu Handi saioan, Gipuzkoa aldean ibiliko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi; Zizurkilen, hain zuzen ere.

Zuhaitzek Juanjorekin egingo du topo Herriguneko eliza parean. Bien artean, beti aldrebestuta dabilen elizako erlojua ordu onean jartzen saiatuko dira. Herrigunean, oraindik, Luis ezagutuko du Zuhaitzek. Eskusoinu konpontzailea da Luis, eta bere tailerra ikusi ostean, elkarrekin bazkalduko dute, potajea. Ondoren, Tximel ezagutuko du. Zizurkilgo mendialdean dagoen XV. mendeko Andrezketa baserrian bizi da Tximel. Bertan, ukuiluko lanez arituko da Zuhaitzekin, eta urtero Zizurkilen antolatzen den Inutilen Afariaren berri emango dio. Azkenik, Batiekin egingo du topo. Garai bateko Zizurkilgo enterradorea da, eta hamaika kiroletan ibilitakoa; tartean, halterofilian. Zuhaitzi klase partikular bat ematen saiatuko da.

Pagadik, aldiz, Joxinekin solasean hasiko du eguna. Berak herriaren historiari buruz hitz egingo dio Pagadiri. Herria bi zatitan banatua dagoela azalduko dio: Elbarrena, beheko aldea, eta, Herrigunea, goikoa. Zizurkilgo nondik norakoak entzunda, ondo ezagutzen duen Egarri tabernara joango da Pagadi. Bertan, Alex tabernaria topatuko du, eta Pagadik bere umore ibilbidea hor hasi zuela gogoratuko dute biek. Ondoren, Elbarreneko kaleetan, oso kotxe bitxi batekin egingo du topo Pagadik. Iker egongo da gidari, eta melokotoiak Zizurkilgo jaietan duen garrantziaz hitz egingo dio. Amaitzeko, Maurizio ezagutuko dugu. Herriko pertsona kuttuna eta jaietan erraldoi propioa duena. Jaietako kantetako bat abesten amaituko dute solasaldia.

Elkarrizketa politak eta leku ikusgarriak ezagutuko dituzte gaur, 22:00etan, Herri Txiki, Infernu Handi saioan, ETB1en eta eitb.eus-en.