Herri txiki, Infernu Handi
22:15ean
Hondarribia, gaur gauean, "Herri Txiki Infernu Handi" saioan
EITB Media
Itsasoan bainua hartzen, dantzan eta rapeatzen ikusiko ditugu aste honetan Zuhaitz eta Pagadi.
Gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, Hondarribia bisitatuko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, eta Ameli, Joxe Ramon, Pili, Gelaxi, Agustin, Jaxinto, Maxi, Ixabel, Juanita eta Julen ezagutuko dituzte Gipuzkoako udalerrian.
Itsasoan bainua hartuz hasiko du eguna Zuhaitzek, horixe egiten baitu goizero-goizero Amelik. Ondoren, Joxe Ramon ezagutuko du, gazte sasoian Ternuan arrantzale ibilitako 91 urteko baserritarra. Baratza eta "ofizina" erakutsiko dizkio Zuhaitzi. Baserri ingurutik portu aldera egingo du Elgoibarkoak, eta Pili eta Gelaxirekin egingo du topo bertan. Arrantzaleren alaba eta emazte izandako ahizpek bere bizimoduaz eta Hondarribiko portuaren goitizen xelebreez hitz egingo diote. Eguna amaitzeko, Agustin, Jaxinto eta Maxi arrantzale jubilatuekin batuko da Zuhaitz. Itxas Lur soziedadean, mahaiaren bueltan, 'txotxu' ibili zireneko memoriak freskatuko dituzte.
Pagadik, aldiz, dantzan hasiko du eguna, Ixabel Botika-ren eskutik. Jaio zen baserriari zor dio goitizena, eta dantzazale amorratua da; azken boladan bachata eta merenguearekin dabil. Baserri giroan segituko du Villabonako aurkezleak, eta Juanitaren etxera helduko da, Erranda Zar baserrira. Sardinzar tortilla bat janda egingo dute topa Hondarribiaren omenez. Bisita bukatzeko, herritar gazte bat ezagutuko du Pagadik: Julen Goikoetxea edo Acto Messie, azken hori baita graffitiak, koadroak eta rapa sinatzeko bere izen artistikoa. Pagadi ere animatuko da estreinakoz rapeatzera.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.