Hitzetik hortzera
Gaur
Itziar Ituño, bertsokide, 15:00etatik aurrera, 'Hitzetik Hortzera'n
A.E.|EiTB
Basauri, Urepele eta Iurretako saioetako bertsoaldi onenak eskainiko dituzte aste honetako programan.
-
Itziar Ituñoa
Telebista-ikusleentzat aurpegi ezaguna da Itziar Ituñorena. 'Goenkale' saio ospetsuan egindako lanaz gain, zineman eta antzerkian ere zaildutakoa da eta, besteak beste, Loreak film txalotuan aritu zen. Basauriarra izango da gaur 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua. Eta, besteak beste, 2012ko Basauriko San Fausto jaien pregoian bota zuen bertsoaren inguruko xehetasunak kontatuko dizkigu.
Hiru saiotako bertsoaldiak
Hala ere, plazako jardunak beteko du tarterik handiena aste honetako programan ere. Besteak beste, Oihana Bartra eta Jone Uria parrandan elkarrekin dabiltzan ama-alaben paperean entzungo ditugu; zorriak dauzkaten haurren larrutik umoretik hazka egingo digute Sustrai Colinak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Jon Maiak, Alaia Martinek eta Unai Iturriagak; Espainiako legioko ahuntzaren bahiketa misteriotsuaz ariko da Jon Maia; etxe huts batekin zer egin erabakitzen ahaleginduko dira Amets eta Maddalen Arzallus; alkoholemia kontrol batean elkartuko dira Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus... Basauri, Urepele eta Iurretako saioetako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu aste honetako programan.
Andoni Egaña, bederatziko txikian
Horrez gain, gogoratzeko moduko bertsoaldi bat ere berreskuratuko dute. Arkaitz Estiballesek ariketa zaila jarri zion Andoni Egañari 2006an Basaurin: hiru hitz emanda, bederatziko txikian hiru bertso kantatzeko eskatu zion. Bertsolari batentzat dagoen neurri zailenetakoa da bederatziko txikia, eta maisuki bete zuen bere lana Zarauzko txapeldunak.
Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en, 15:00etatik aurrera.