Hitzetik hortzera
Gaur
Arabako finala eta Nafarroako finalaurrekoak, 'Hitzetik Hortzera'n
A.E.|EiTB
Nafarrako zortzi finalistak ere elkarrizketatuko dituzte aste honetako saioan.
Ohi baino luzeagoa izango da 'Hitzetik Hortzera' saioa igande honetan. Larunbatean Gasteizko Printzipal Antzokian entzundako bertso onenak eskaintzeaz gain, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoei errepasoa egingo die programak, eta zortzi finalistak elkarrizketatuko ditu: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta.
Txapelketen aroa izan ohi da udaberria bertsolaritzan, eta halaxe etorri da aurtengoa ere. Igande honetako 'Hitzetik Hortzera'k bi txapelketa izango ditu ardatz: Araba eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Ohi baino programa luzexeagoa izango da aste honetakoa.
Printzipal Antzokiko perlarik onenak
Larunbatean Printzipal Antzokian jokatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketako finala Asier Otamendik, Oihane Pereak, Manex Agirrek, Iñaki Viñasprek, Xabi Igoak eta Serapio Lopezek. Saioko bertsoaldirik onenak ekarriko ditugu bertsozaleen telebistetara, eta txapeldunari elkarrizketa bat egingo diogu saioa bukatu berritan.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako bertsoak
Finala iristear dago Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere. Beran, Antsoainen eta Agoitzen finalaurrekoak jokatu ondoren, honako zortzikote hau sailkatu da apirilaren 8an Iruñeko Anaitasunan egingo den finalera: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Zortzi bertsolariek finalera begira dauzkaten asmoen berri jasoko dute igandeko programan, eta finalaurrekoetako bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte.
Hori guztia eta askoz gehiago igandean izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere ikusi ahalko da saioa EiTB Nahieran-en.