Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Jon Lopategi gogoan, gaur, azken 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Urte hasieran zendu zen bertsolari muxikarrari eskainiko diote denboraldiko azken atala.

1:20
Jon Lopategi bertsolariaren ikasleak Kanpantxun

Gaur agurtuko da 'Hitzetik Hortzera' bertsolaritza saioa udazkenera bitartean. Astez aste mapa zabala osatu dute, hainbat kolore, doinu, historia eta iritzi jasoz. Denboraldi honek kendu ere egin digu: Jon Lopategi joan zaigu aurtengo urtearen hasieran. Horregatik, berari eskainiko diote udaberriko azken atala.

Duela 85 urte Muxikako Aldori baserrian jaio zen Jon Lopategi Lauzirika. Oso gaztetatik gerturatu zen bertsogintzara eta euskalgintzara. Tolosako Sakramentinoetan ikasi zuen gazte garaian, eta han ere euskaldun abertzalez inguratu zen. Herriko Santa Krutzeko jaietan egin zuen bertsotan lehen aldiz jendaurrean.

Belaunaldiz belaunaldi, bertsozaletzen

Frankismo garaian, Jon Lopategik, askotan Jon Azpillaga lagun zuela, txoko guztietara zabaldu zituen mezu politikoak bertsogintza soziala eginez. Igandeko programara Azpillagari eta Lopategiri duela urte batzuk egindako elkarrizketa zati bat ekarriko dute. Garaiko bertsoaldiak ikusteko aukera ere izango dugu, baita 70. hamarkadan Alemaniako telebista batek egindako grabazio bat ere: kantuan agertzen dira, besteak beste, Jon Lopategi eta Jon Enbeita.

Zehazki, Jon Enbeitarekin berarekin eta Xabier Amurizarekin elkartuko dira Muxikan. Enbeita Lopategirekin elkartzen zen Garriko bertso eskolan, eta orduko oroitzapenak kontatuko ditu; Amurizak eta Lopategik plaza askotan jardun izan zuten elkarrekin kantari. Nolako bertsolaria ote zen? Haien ahotik ez ezik, Lopategi bera ere entzungo dugu bertsotan, noski.

Bertsolaritza irakasten eta gazteak zaletzen ere lan eskerga egindakoa da Lopategi. Bere jarduna ez zen eskolak ematera mugatzen; gazteak herri batetik bestera eramaten zituen kantura, eta asteburu pasak ere antolatu zituen beraientzat. Horietako zenbait, Kanpantxun, Gernika-Lumon. Igandeko programan bertara joango dira eta han bere ikasle izandako zenbaitekin elkartuko dira. Iratxe Ibarrak eta Onintza Enbeitak orduko oroitzapenak kontatuko dituzte. Gainera, bere ikasle izandakoek prestatu zioten omenaldi berezi bat ekarriko dute pantailara.

Gaur, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' ETB1en eta eitb.eus-en; eta zuzenean ikusi ezin izanez gero, Internetez ere aukera, EiTB Nahieranen.