Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

15:00etan

Unibertsitateko bertso giroa, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n

EiTB

Bertsolaritza unibertsitatean ere bizi da. Horregatik, Gasteizko ikasle giroan murgilduko dira, Bittor Altube, Haizea Arana eta Maddi Aiestaran bertsolari gazteen eskutik.

1:33
'Hitzetik Hortzera' unibertsitateko ikasleekin

Nekez ahazten dira ikasle garaiak: pisukide xelebreak, lagun min bilakatuko diren ezezagunak, ikasgelaz kanpoko irakaspen ederrak… Eta ikasle askorentzat bertsolaritza elkargunea da egunerokotasun berri horretan. Hor jarriko dute arreta aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan.

Unibertsitatean hasiberriak diren hiru bertsolari gazte izango ditu solaskide Eider Perezek: Bittor Altube, Haizea Arana eta Maddi Aiestaran. Gasteiz aukeratu dute hirurek euren unibertsitate egonaldia egiteko, eta bertso giroari lotuta bizitakoak kontatuko dituzte. 

Ahostegunak, ahozko kultur sorkuntza 

Ostegunak Ahostegun bilakatu dira unibertsitate inguruko gazteentzat. Ekimen berri honi buruz ere jardungo dute igandeko programan. Ahozko kultur sorkuntzaren bitartez ondo pasatzeko saioak antolatu dituzte azaroan zehar Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, EHUKulturaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin: antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura landu dituzte, eta saio interesgarriak bezain emankorrak izan dira. 

Ahostegunak ekimenaren baitan Donostian egindako bertso saioko aleak ikusteko aukera izango da, baita Oiartzunen izan den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoko bertsoaldiak ere. Eta, azkenik, Iruñeko Bertsoaroari amaiera eman dion bertsolari gazteen saioko hautaketa eskainiko du saioak. Bertso sorta musikatuari ere egingo diote tartea; oraingoan, Jon Martinek idatzitako Bakardadeak berreskuratuko dute. 

'Hitzetik Hortzera', 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.