Hitzetik hortzera
Bertsolaritza
Andoni Egañak Xabier Amurizari egindako elkarrizketa, 15:00etan "Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Amurizaren bizitzaren errepasoa egingo dute programa berezian, 15:00etatik aurrera.
-
Amuriza Egañarekin solasean. Irudia: Bertsozale Elkartea
2016ko udaberrian, 75 urte bete zituenean iragarri zuen Xabier Amurizak bertso-plazetako ibilbidetik erretiratzera zihoala. Andoni Egaña gidari hartuta, bere bizitzaren errepasoa egiten duen saioa berreskuratu du "Hitzetik Hortzera"k: Etxanoko haurtzaroa, seminarioko garaiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak, plazetako bidea, erretiroa... Eta, noski, bere bertso onenak ere ekarriko dituzte.
Ibilbide oparoa izan du Xabier Amurizak, bai bertsotan, eta baita bestelako alorretan ere. Andoni Egaña gidari hartu eta bere bizitzan zehar ibilbide ederra egingo dute igandeko 'Hitzetik Hortzera'n. Zer kontatua ugari izateaz gain, kontalari aparta ere bada Xabier Amuriza, eta bere bertso onenekin hornituko dute bidaia.
Osabaren akordeoian iritsitako haurra
Gaur egun hizlari bikaina bada ere, berandu hasi omen zen hizketan Xabier Amuriza. Amak bertso zaharrak kantatzen harrapatu zuen arte ez omen zuen ahorik zabaldu. Ipuin gisa kontatzen zioten haurrak Paristik zetozela, baina osabaren akordeoian iritsi zela bera etxera.
Bizkargin kantatu zuen bat-batean lehenengoz, 7 urterekin, mostradore gainera igota. Gaztaroan Seminarioan egon zen ikasle modura, eta bertsoei esker ihes egin zuen bertako diziplina zorrotzetik.
Bertsolaritza erakusteko metodoan aitzindari
Seminariotik beste itxialdi baterako jauzia eman zuen Xabier Amurizak, Zamorako kartzelan urteak igaro baitzituen. Bertan landu zituen gerora bertsolaritza irakasteko modua irauli zuten Hiztegi errimatua eta Hitzaren kirol nazionala liburuak 70eko hamarkada bukaeran. Bertso-eskolak sortzen hasiak ziren ordurako, eta Xabier Amuriza buru-belarri murgildu zen Frankismo ondorengo zurrunbiloan.
Bi aldiz txapeldun
1980 eta 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan txapela jantzi zuen Donostiako Balda pilotalekuan. Baina polemika ere ekarri zuten txapel haiek, bertsogintzara ere aldaketa ekarri baitzuen Xabier Amurizak bai doinuetan, bai edukietan eta baita bertsoa ulertzeko moduetan ere. Iraultza horren emaitza da Andoni Egaña bera ere, eta hunkituta ariko dira biak garai haien inguruan, Baldako harmailetan eserita.
Azkeneko plaza Altzon
Azkeneko plaza Altzon egin zuen Xabier Amurizak, Miren alaba bertsokide zuela. Azkeneko saio hartaz ariko dira Andoni Egaña eta Xabier Amuriza bera Altzon, eta azkeneko bertsoa ere gogora ekarriko dute 'Hitzetik Hortzera'n.
Hori dena eta askoz gehiago izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera.