Hitzetik hortzera
21:00etan
Ainhoa Agirreazaldegirekin solasean, gaur gauean, "Hitzetik Hortzera" saioan
EITB Media
Zarauzko Garoa liburu dendan elkartuko dira eta elgetarraren bertsolari bizitzan zehar bidaiatuko dute: ume garaiko oroitzapenak, Aretxabaletako bertso-eskola, feminismoa... Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoaldirik gogoangarrienak ere eskainiko dituzte.
Aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan Ainhoa Agirreazaldegirekin arituko dira solasean, eta elgetarraren bertsolari bizitzan zehar bidaiatuko dute. Ume garaiko oroitzapenak, Aretxabaletako bertso-eskola, urruntzeak eta hurbiltzeak, feminismoa… eta beste hainbat gai aletuko dituzte; horrez gain, Ainhoaren bertsoaldirik gogoangarrienak entzuteko aukera izango da.
Asko eman diote elkarri bertsolaritzak eta Ainhoa Agirreazaldegi Rekondok. Gaztetan hasi zen bertsotan, Leintz bailarako bertso-eskolako kide izan zen; eta 90. hamarkadako gazte sariketa guztietako izen garrantzitsua bilakatu zen berehala. Plazan, ikerkuntzan eta Bertsozale Elkartean aritu da, baita bertsogintzaren gaineko begirada feminista lantzen ere. Hala, feminismoak bertsogintzan egin duen bideaz ere arituko da Eider Perez Ainhoarekin. Hamaika Bertute, txapelketak, plazatik urrundu zen garaia… Zarauzko Garoa liburu-dendan elkartuko dira aste honetako protagonistarekin gai horiez eta askoz gehiagoren inguruan solasteko.
Eider Perez eta Ainhoa Agirreazaldegi
Ibilbide bat bertsoalditan
Elkarrizketaz gain, aste honetako programan Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoaldi gogoangarrien bilduma bat ere entzuteko aukera izango da: Eskolartekoko bertsoaldietatik gazte sariketetako garaipenetara, txapelketako bertsoaldietatik Ez Da Kasualitatea saiokoetara, eta azken urteetako saio batzuetako aleak ere gogoratzeko aukera izango da.
"Hitzetik Hortzera" saioa, gaur, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.