Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

Podcast berria

Arenek eta Norak "Irabazi Arte!" podcast berria egingo dute gaurtik aurrera EITBPodkast-en

EITB Media

Telesaila arrakastatsuaren hirugarren atalaren emanaldiarekin bat eginez, "Irabazi Arte!"ko bi protagonistek euskal kirolariak gonbidatu eta hauekin solasean arituko dira asteroko podcast berri batean. Lehen atalean, Nerea Eizagirre Realeko kapitaina izango dute gonbidatu.

0:30
3. atalaren irudi bat, EITB Mediako bideo batetik ateratakoa.

Gaur, "Irabazi Arte!" telesailaren hirugarren atalaren emanaldiarekin bat eginez, Arenek eta Norak podcast berri bat jarriko dute martxan EITBPodkast atarian. Fikziotik errealitatera salto egin eta bi pertsonaiek egungo podcast formatuak ematen dituen aukerak ikusita, euskal kirolariak gonbidatu eta haiekin solasean arituko dira ostiralero. Lehen atalean, Nerea Eizagirre Realeko kapitaina izango dute gonbidatu, eta hurrengo asteetan, Nadet Agirre arraunlaria eta Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kirol kazetaria ere izango dituzte, besteak beste.

Telesaileko jarraitzaileek ondo dakiten moduan, bien gurasoek irrati batean lan egiten dute eta bi protagonistek baimena eskatuko diete estudioetan podcast bat grabatu ahal izateko. Poz-pozik jarriko dira baiezkoa jasotakoan. Ostiral honetan, otsailak 25ean hasita, eta apirilaren 15era arte, ostiralero gonbidatu bat ekarriko dute. Dagoeneko EITBPodkast atarian entzun daiteke aurrerapen kapitulua.

Kirola hizpide hartuta, emakume kirolariak izango dituzte gonbidatu baina, horrez gain, gazteen kezkak izango dira mintzagai, musika, eguneroko gaiak, bitxikeriak… Hau da, kirola aitzakiatzat hartuta, bestelako gaiak ere landuko dituzte.

"Irabazi Arte!" hirugarren atala

21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango den "Irabazi Arte!" telesailaren hirugarren atalean, neskak taldea osatzeko jokalari bila hasiko dira, eta besteak beste, Ametsen boikota gainditu beharko dute. Olatz ere taldeko kide izateko frogetara aurkeztuko da. Norak berriz, festa bat antolatuko du etxean eta Arenek sekulako sorpresa hartuko du bertan.  Bestalde, Lilik lagun berri bat egingo du, hori da behintzat aitari esango diona. Baina egia bestelakoa da: Lili aitonarekin arituko da mus txapelketan.

Ikus-entzule soil izatetik eduki jarraitzaile izatera

"Irabazi Arte!" telesaila harrera bikaina izaten ari da. Estreinaldiko atalaren arrakastaren ondoren, bigarren atalaren emanaldiak % 3,9ko audientzia-zatia lortu zuen eta euskaldunen arteko % 13,2ko kuota. Gainera, 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean liderra izan da % 29,9ko audientzia-zatia eskuratuz.

Hartara, "Irabazi Arte!" telesailaren audientzia osatzen dutenak ez dira bakarrik ikus-entzuleak, edukiaren jarraitzaileak baizik, multiplataforma kontsumitzaileak, alegia. Telesailaren telebistako emanaldiaz gain, Youtube kanalean eta "Go!azen!"en appan ere emititzen da telesaila eta EITB Nahieranen atal guztiak daude ikusgai.

Bestalde, ikus-entzunezkoaren eskaintza digitala borobiltzeko, webean, "Go!azen"en appan eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak daude.

Ostiral honetan hasiko den podcast berri honek "Irabazi Arte!"ren eskaintza transmedia osatuko du, fikziotik errealitatera salto eginez, eta telesailean landuko diren gaiak ere hizpide hartuta: hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatuko dituzte.