Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

Fikzioa EITBn

"Irabazi Arte!" telesailaren bigarren denboraldia ostiralean estreinatuko da EITBn

EITB Media

Printzesak futbol taldearen istorio gehiago izango dira ikusgai datorren asteko ostiraletik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Lehen denboraldian harrera bikaina izan zuen telesailak, eta abentura eta pertsonaia berriak ekarriko ditu bigarrenak.

0:30
Irabazi Arte

Printzesak nesken futbol taldeko kideak protagonista dituen "Irabazi Arte!" telesailaren bigarren denboraldia hasiko da ostiralean, otsailaren 10ean, ETB1en eta eitb.eus-en (21:00etan). Lehenengo denboraldiak izan zuen harrera bikainaren ondoren, bigarrena ere hemen dugu, nobedadeekin eta istorio berriekin.

Aski ezaguna den "Go!azen"eko Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako telesaila da "Irabazi Arte!", eta Laboral Kutxa, Emakunde eta Joma ditu babesle nagusi. Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria, eta, iaz bezala, Sua Enparantzarekin (Arene) batera, Nahia Sillero (Nora), Ane Garmendia (Itsaso), Ane Iturrate (Leire), Ainhoa Azpitarte (Olatz), Joana Garitano (Lili), Ibai Ugarte (Amets), Aritz Basterra (Jon) eta Ander Rovira (Gorka) aktore gazteek hartzen dute parte. Horiei batu zaie, denboraldi honetan, Nahia Lacalle (Esti) eta Joan Bainadore (Malen). Aktore beteranoen artean, berriz, Jose Ramon Soroiz (aitona), Alvaro Garaialde (Peio), Patricia Urrutia (Ane), Iñigo Larrinaga (Mikel) eta Iker Galartzaren (Larra) alboan, Dorleta Urretabizkaia (Eunate) izango dugu.

Oraingoaren ere euskal musikak garrantzia izango du telesailean, eta, besteak beste,  Bulego, Bengo eta ZETAKen musika entzun ahal izango da.

 

Arene Bartzelonara bueltatuko al da?

Aurreko denboraldiko azken atalean, Printzesek azken unean salbatu zuten taldea, baina hala ere galdera askorekin utzi zuen publikoa denboraldiaren amaierak. Larrak alde egingo al du? Peiok eta Anek elkarrekin jarraituko ote dute? Jon eta Ametsen artean zer gertatu zen? eta garrantzitsuena: Arene Bartzelonara bueltatuko al da? Galdera guztiak argitu eta sorpresa berriak izango dituzte denboraldi honetan.

Ekipora datorren Esti Printzesa berriak neskak aztoratuko ditu, sekretu asko ezkutatzen baititu. Entrenatzaile berria ere ezagutuko dugu, Eunate, izotza bezain hotza den jokalari ohia; eta akabo Printzesen ekipo ahul eta kaotikoa: hainbeste kostata sortutako taldea gora egiten ikusiko dugu aurten. Printzesek Liga irabaztea izango dute helburu, baina, agian, Arene gabe lortu beharko dute. Izan ere, Arene ez da batere ondo konpontzen Eunate entrenatzaile berriarekin.

Zelaitik kanpo ere aldaketa ugari: denboraldi berri honetan neska mutilak helduagoak dira eta hori beren arteko harremanetan nabarituko da. Erromantze eta harreman berriak sortuko dira, eta hasieran taldekide soilak ziren neskak benetako lagunak egin direla ikusiko dugu. Lilik ere bere erronka propioari egingo dio aurre; alegia, benetako lagun bat izatea zer nolakoa den jakingo du.

'Printzesak' futbol taldea

'Printzesak' futbol taldea

Irabazi Arte sariak eta aurrestreinaldi arrakastatsuak

Igande honetan, Bilbao Arenan izan da lehen atalaren aurrestreinaldia, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin da bigarren aurrestreinaldia otsailaren 8an.

Bilboko emanaldiaren aurretik, berebat, Irabazi Arte sariak banatu dira. EITBk gizartearen arlo ezberdinetan emakumea ahalduntzeko egiten duen ahaleginari jarraituz sortu dira Irabazi Arte sariak, eta bi sari banatu dira:

Lehena, Amaia Aldai pilotariak  jasoko du, iaz Laboral Kutxa Masterreko Lau T'erdiko txapela irabazi zuen dimarrak bigarren urtez jarraian, eta marka lortu zuen lehen emakumea izan zen. Telesailaren babesle den Laboral Kutxaren ordezkari gisa, Iñaki Ruiz erakundeko publizitate zuzendariak emango dio saria.

Bigarrena, berriz, Nerea Arruti pentatleta eta aizkolariak jasoko du. Urnietarrak errekonozimendu ugari lortu ditu bi diziplina horietan. Banakako eta binakako euskal pentatloiko txapelduna da. Halaber, aizkolari gisa, Urrezko Kopako txapelduna izan da, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan, eta baita Aizkolari Txapelketa Nagusian ere.  Irabazi Arte saria, EITBren izenean, Ainhoa Alustiza EITB Mediako zuzendariak emango dio.

Jai giroa izan da Bilbao Arenan igande honetan: aurrestreinaldia baino lehen,telesailaren fan zone edo zaleei eskainitako gune bat antolatu du EITBk pabilioiaren kanpoaldean. "Irabazi Arte!"ko protagonistak egon dira bertan: Sua Enparantza Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ainhoa Azpitarte, Nahia Lacalle, Joana G. Arzak, Joan Bailador, Aritz Basterra, Ibai Ugarte, Ander Rovira, Patricia Urrutia eta Iñigo Larrinaga argazkiak sinatzen.

Halaber, txoko horretan, besteak beste, VR (Errealitate Birtuala) guneak izan dira. Arene, Nahia eta beste protagonisten azalean jarri eta penalti birtualak jaurti ahal izan dituzte bertaratzen direnek; baita telesaileko atezainaren azalean jarri eta datozkien baloi birtualak gelditu ere. Hori guztia, sentsore, betaurreko berezi eta pantaila erraldoiekin. Halaber, "Irabazi Arte!" denda ofiziala izan da, telesaileko kirol ekipamendu eta CDa erosteko eta posterrak eskuratzeko.