Itxi

SOS kantak arriskuan

SOS kantak arriskuan

SOS kantak arriskuan

22:00etan

"SOS Kantak Arriskuan" saioa estreinatuko da gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Iker Lauroba, Lide Hernando eta Klara Mendizabal Euskal Herrian barrena ibiliko dira, galtzeko zorian diren kantu herrikoak errekuperatzeko lanean. Ondarroan egingo dute lehenengo geldialdia.

0:34
Iker Lauroba, Lide Hernando eta Klara Mendizabal

Euskal Herrian badira kanta herrikoiak, ezkutuan daudenak, lekuan lekuko herritarrek soilik ezagutzen dituztenak. Abesti horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, askotan erregistrorik eta grabaziorik gabe. "SOS Kantak Arriskuan" ETB1eko saio berriak galtzeko zorian diren kantu horiek salbatu nahi ditu. Hiru lagun arituko dira lan horretan: Klara Mendizabal sopranoa, Lide Hernando abeslari eta musika ekoizlea, eta Iker Lauroba musikaria. 

Hiru aurkezleak herriz herri joango dira, desagertzeko arriskuan diren abesti horien jatorria eta historia ezagutu eta ezagutarazteko asmoz. Ondoren, bertsio profesional tradizional bat grabatuko dute herriko ahots onenen laguntzarekin, baita bigarren bertsio moderno eta eguneratuago bat. 

Ondarroan egingo dute lehen geldialdia. Ondorengo asteetan, Deba, Itsasu, Oiartzun, Otxandio, Errenteria, Azkaine, Hernani, Oñati eta Luzaiden izango dira. 

Herri bakoitzera egingo duten bidaian, abestiaren zati ezberdinak aztertuko dituzte, konposizioaren atzean ezkutatzen diren historia eta lekuak ezagutuz: aipatzen den ibaia, existitzen ez den etxea, ahaztuta dagoen tradizioren bat… Ikerketa lan hori egiteko, bertako herritarrengana joko dute hiru aurkezleek, tokian tokiko berezitasunak eta istorio liluragarriak deskubrituz. 

Abestiaren grabazioa bera ere erronka garrantzitsua izango da "SOS Kantak Arriskuan" saioko hiru gidarientzat. Kantatzeko prest dauden herritarrak topatu beharko dituzte eta horretarako castinga egingo dute. Jendea elkarrizketatu ostean, euren artean hizketan ikusiko ditugu, rol bakoitzerako pertsona egokia nor den, eta ahotsak eta instrumentuak nola enpastatu zehazteko. 

Azkenik, abestia aurkezteko ekitaldia egingo dute herritarren aurrean, prozesuan grabatutako irudiak erakutsiz. 

"SOS Kantak Arriskuan" saioa igande gauero izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.