Teknopolis
13:30ean
Algara zientifiko-teknologikoak, gaur, 'Teknopolis'en
EiTB
Euskal Herriko Unibertsitateak Zientziaren Astearen harira antolatutako erakustetan ere izan da saioa.
-
Iñaki Leturia 'Teknopolis' saioko aurkezlea
Aste honetako 'Teknopolis' saioak umorearen eta zientziaren arteko lotura aztertuko du. Egun hauetan zientziaz zipriztindu dira ekitaldi asko Zientzia Astearen aterkipean. Nabarmentzekoa da Bergaran ospatutako Wolfram Deuna: umorezko bakarrizketa zientifikoen jaialdia. Aurten ere gaiak askotarikoak izan dira, adibidez, untxien aurpegi ezkutua, substantzia erradiaktiboak jostailuetan ere modan egon zireneko kontuak, drogak atsegin dituzten animaliak... Ekitaldiaren kronika eta giro ona jasoko ditu aste honetako 'Teknopolis'ek.
Zientziaren Asteak, ordea, umoreaz eta algaraz gain, kontu gehiago ere eman ditu. Euskal Herriko Unibertsitateak itsasoa gai hartuta erakusketa bat izan du ikusgai, eta han Ortze itsasontziaren eraberritzearen berri eduki nahi izan du saioak. Ohiko errekuntza-motorrean oinarritutako sistema aldatzeko prozesuan buru-belarri ari dira Pasaian, eta emaitza itsasontzi isilago bat izango da, eta gutxiago kutsatuko duena, besteak beste.
'Teknopolis' saioa euskaraz larunbatean izango da ikusgai, 13:30ean ETB1en eta eitb.eus-en. Igandean gazteleraz ikusteko aukera izango da, arratsaldeko 13:25ean, ETB2n.


