Ur Handitan
22:15ean
Biolentziak futbolean duen presentzia, gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan
EITB
Julen Escalero eta Alba Saiz futbol epaileek euren bizipenak azalduko dituzte, futbolean sortzen den biolentzia eta biolentzia horren jatorria aztertzeko.
Alavesek eta Bartzelonak Espainiako Errege Kopako finala jokatuko duten aste berean, 'Ur Handitan' saioak futbola izango du hizpide, baina ez ohiko ikuspegitik. Futbolaren inguruan sortzen den biolentzia eta biolentzia horren jatorria aztertuko ditu Xabier Madariagak aurkezten duen saioak, Futbola, jokoz kanpo atalean.
Futbol epaile bat izango da saioko protagonista nagusia: Julen Escalero Alzaga. Escalerok 22 urte ditu, eta zortzi urte daramatza futbol partidak zuzentzen. Hasiera-hasieratik jasan behar izan ditu zaleen mespretxuak eta irainak, eta egoera horien aurrean 'bakarrik' sentitu da. 'Ur Handitan' saioak bere azken partidara lagundu dio, eta futbol partida bat epaile baten begietatik nola ikusten den erakutsiko du.
Zoritxarrez, emakumeen futbolean egoera ez da oso ezberdina, eta horren berri emango du saioan Alba Saiz 20 urteko epaile irundarrak. Bost urte daramatza epaile lanetan, eta era guztietako irain matxistak entzun behar izan ditu, askotan emakumeek beraiek harmailetatik egindakoak.
Baina futbolaren inguruan sortzen den biolentzia giro horrek azalpen sakonagoa behar du, eta Xabier Aierdi soziologoak biolentzia 'normalizatu' horri buruzko pista batzuk emango ditu saioan. Juanan Larrañaga futbolari ohi eta EiTBko esatariak, berriz, futbol munduaren barrutik egoera horiek guztiak nola bizitzen diren azalduko du.
Dena den, futbolaren munduan bestelako baloreak zabaltzeko martxan jarri diren ekimenak asko dira, eta horren adibide dira Jolastuz Jokatu taldekoak. Entrenatzaile talde horrek, lehiatzeaz gain, bestelako baloreak zabaldu nahi ditu futbolean, eta horien filosofia azalduko dute saioan.
Azkenik, Jokoz kanpo antzezlanari ere tarte bat egingo dio saioak. Anartz Zuazuak zuzentzen duen antzezlanak futbolaren inguruan sortzen diren egoera eta topiko guztiei barre egiten die, zuzendariaren esperientzia pertsonaletan oinarrituta.
'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.