Ur Handitan
22:30ean
Adin txikikoen transexualitatea jorratuko du 'Ur Handitan' saioak gaur gauean
EiTB
Mikele Grande eta Ander Iriarte elkartuko ditu ale honetan Xabier Madariagak.
'Ur Handitan' saioak adin txikikoen transexualitatearen gaia berreskuratuko du gaur gauean. Izaera sexuala betidanik genitalekin lotu izan den arren, saioan zehar ikusiko dugu zenbait pertsonaren errealitatea ez dela horrelakoa.
Zakildun emakumeak eta bulbadun mutilak badaudela erakutsi ziguten duela jada urte eta erdi. Kasu honetan, ongi amaitu ez zen bizipen baten uretan murgilduko dira, Aimarren bizipenean, Ixabelen, haren amaren, hitzetatik. Duela hemezortzi hilabete ezagututako Mikele Grande bere adineko Ander Iriarterekin elkartuko dute, bata bestearen ispilu ere badiren neurrian. Eta Denis bost urteko haurtxoaren gurasoek azken bi urteotako bilakaera kontatuko dute.
Ondoren, Txikien urrats handiak erreportajea eskainiko dute. Horretarako, Uhartera hurbilduko da Xabier Madariaga. Bertan, Mikele izeneko nerabe transexualaren egunerokotasuna ezagutuko du. Bere familiak eta lagunek gaia nola bizi duten erakusteaz gain, hormonatze prozesua zertan datzan azalduko du Mikelek.
Iker izeneko hiru urteko haur transexual baten familiaren testigantza ere izango dute. Bi protagonista hauen kontakizunaz gain, transexualitatea modu traumatikoagoan bizi izan duten belaunaldi helduagoen testigantzak jasoko dituzte. Ikuspegi orokorragoa emateko asmoarekin, Aingeru Mayor Chrysallis elkarteko presidentea eta Nahia Rojo Berdindu elkarteko sexologoarekin izango dira.
Astearteetan izaten da ikusgai 'Ur Handitan', 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.