Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

AEBn armen erabileraz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Ameriketako Estatu Batuetan armen eskuragarritasuna mugatzeko beharraz piztu dute eztabaida Parcklandeko gazteek, euren institutuan otsailean tiroketa izan ondoren.

0:30

Ameriketako Estatu Batuak aukeren herrialdea izan da askorentzat; aukera eta askatasunen herrialdea. Eta askatasun horien artean, eskubidea da, AEBko Konstituzioaren arabera, armak izatea. Gobernuaren tiraniari aurre egiteko, 1791. urtetik jasota dago eskubide hori. Baina Florida estatuan, Parcklandeko institutuan otsailean izandako tiroketak kontzientziak astindu ditu, gazteen artean bereziki. Nerabeak antolatu egin dira, eta armen lobby indartsuaren aurka altxatu ere bai. Armen eskuragarritasuna mugatzeko legeak eskatu dizkiete agintariei. AEBn, armak biztanleak baino gehiago dira. Biztanleen %70ek baino gehiagok egin dute tiro noizbait, eta etxeen ia erdietan dituzte armak. Amerikarren 'pasio' horretan murgilduko dira gaurko 'Ur Handitan' saioan, Ameriketako Estatu Batuetan grabatutako Arma, tiro, pum! atalean.

Ricardo Arambarri audientzia gehien duen euskal kazetaria da. Univision telebistako erreportaria Caracasen jaio zen, familiaren jatorrizko herrira (Gernika) itzuli zen umetan, eta nerabezaroan berriro bueltatu zen Ameriketara. AEBn, ibilbide oparoa egin du kazetaritza munduan, eta herrialdeak 'amets amerikarra' eman diola uste du. Ricardok ez ditu Ameriketako Estatu Batuak armarik gabe ulertzen. Erreportari lanetan, Parcklandeko institutuko tiroketa kontatzea tokatu zitzaion. Ez du San Valentin egun hura sekula ahaztuko.

Ricardo Arriagak ere inoiz baino gertuago ikusi zuen Floridako tiroketa hura. Semea tirokatutako institutuan zuen. Semea galdu zuela pentsatu zuen bi orduz, bizirik zegoela esan zioten arte. Ricardok eskopeta dauka etxean, eta arma kentzeko aukera ez zaio burutik pasatu ere egin. Tiroketa baten berri izaten duenean, 'beste bat gehiago' pentsatzen du Arriagak. Ameriketako Estatu Batuetan biziz gero, horretara ohitzen omen zara.

Ibon Aldazabal puntistaren eskutik ikusiko dugu nola dagoen sartuta armen kultura familia amerikarren egunerokoan. Merkataritza guneetan aurkitu daitezke armak, eta arma azokak guraso eta seme-alaba askoren topaleku bihurtu dira ia astebururo. Pasioa txikitatik transmititzen da etxean, eta ez du inork zalantzan jartzen 'bere burua defendatzeko duen eskubidea'. Horregatik, armen kontra gogorren egiten ari diren nerabeek, gurekin egon diren Parcklandeko institutuko ikasleek ere bai, ez dute armen debekua planteatu ere egiten; armen eskuragarritasuna da mugatu nahi dutena. Parcklandeko gazteek armak izateko eskubidea eguneratu beharraren inguruko eztabaida piztu dute AEBn lehenengo aldiz.

'Ur Handitan' saioak, beste behin ere, mundu zabaleko gairik korapilatsuenak gurera gerturatuko ditu. Arma, tiro, pum! atala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista