Ur Handitan
22:30ean
Venezuelako egoera aztergai, gaur gauean, 'Ur Handitan Atzerrian' saioan
EITB
Xabier Madariagak Venezuelako egoera politiko eta ekonomikoa aztertuko du bertan bizi diren lau euskaldunekin.
Venezuela esanahi handiko lurraldea da euskaldunontzat. Frankismotik ihesi joan ziren askorentzat aterpetxea izan zen. Garai haiek, ordea, atzean gelditu ziren, eta gaur egun oso bestelakoa da Venezuelako egoera. Baina nolakoa da zehazki? Zertan da egun, politikoki eta ekonomikoki, Venezuela? Gaur gaueko 'Ur Handitan Atzerrian' saioak bertatik bertara ezagutu ditu iraultza bolivartarraren ondorioak Venezuelan bizi diren euskaldunen ahotik.
Nere Alberdi jatorri euskalduneko venezuelarra da. Donibane Lohizunen jaio zen orain dela 70 urte Frankismotik ihes egindako familia batean. Urtebete zuela Venezuelara joan ziren bizitzera Nere eta bere gurasoak, eta Caracasen bizi izan da ordutik, Unibertsitatean egin du lan, eta gaur egun erretiroa hartuta dago. Horren ustez, iraultza bolivartarra ez da Venezuelarentzat ona izan. Argi utzi nahi du, ordea, Chavez eta Maduroren kontra egonagatik, bera ez dela ultraeskuindarra: "Ni betidanik kezkatu naiz herri honetan egoera gogorrean bizi den jendearengatik, eta betidanik lagundu ditut".
Agustin Otxotorena enpresari errenteriarra Caracasen bizi da. Orain 20 urte bisitatu zuen lehenengo aldiz Venezuela, eta herrialdearekin maitemindu zen. Orain dela pare bat urte Caracasko supermerkatuetan atera zituen argazkiek oihartzun zabala izan zuten sareetan. Argazki horietan, elikagaiz betetako apalak azaltzen ziren, hedabide nagusiek Venezuelatik bidaltzen dizkiguten irudiekin zerikusirik ez dutenak. Otxotorenaren ustez, "Venezuelako krisia puztu egiten dute atzerriko hedabideek, eta bertako egoera ez da hainbesterako". Chavez eta Madurozalea da Otxotorena.
Mikel Moreno bilbotarrak sei urte daramatza Venezuelan. Irakasle lanetan ari zen Euskal Herrian, baina dena utzi eta Atlantikoa zeharkatzea erabaki zuen. Chavismoak eta mugimendu iraultzaileek erakarrita joan zen, gertutik ezagutu nahi zuen Inperioari aurre egiten zion gizartea. Caracasera iritsi zenetik hainbat mugimendu sozialetan hartu du parte hiriko auzo behartsuenetan. 23 de enero langile auzoan "etxean bezala" sentitzen dela esaten du.
Luis Ugalde Bergaran jaio zen, 1938an. 80 urte ditu, beraz. 50eko hamarkadan Venezuelara joan zen, eta ibilbide oparoa egin du bertan. Jesuita da, teologoa eta historialaria. Andres Bello Unibertsitate Katolikoko errektore ohia izateaz gain, Venezuelako Kazetaritza Sari Nazionala irabazi zuen eta Zientzia Politiko eta Gizarte Zientzietako Akademiako kidea da. Luis, Aita Ugalde, oso pertsona ezaguna da Venezuelako politikagintzan. Oposizioko kideen artean, oso estimatua; Chavista eta Madurozaleen artean, ez hainbeste.
Euskal jatorriko lau protagonista horiez gain, Venezuelako hainbat herritarrekin hitz egin du Xabier Madariagak.
'Ur Handitan Atzerrian' gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.


