Ur Handitan
22:45ean
Guraso izan nahi eta ezin dutekin egongo da gaur gauean 'Ur Handitan' saioa
EiTB
Guraso izan nahi eta desio hori bete ezinik dabiltzanek frustrazioz betetako bidea egin behar izaten dute ugalkortasun arazoak tabu bihurtu ditugun gure egungo gizarte honetan.
'Nahi bai… baina ezin'. Erantzun erabat naturala behar luke izan, baina aita edo ama izateko aukerari buruzko galdera tartean denean, gutxitan entzuten ditugu horrelakoak. Guraso izan nahi eta desio hori bete ezinik dabiltzanek frustrazioz betetako bidea egin behar izaten dute ugalkortasun arazoak tabu bihurtu ditugun gure egungo gizarte honetan. Medikuntza hiperteknifikatuak inoiz baino baliabide gehiago jarri ditu gure esku, baina horrek ere ez ditu uxatu ugalkortasun teknika horietara jo behar izaten dutenen beldur, kezka eta baita lotsa ere. Emakumetasuna eta gizontasuna kolokan jartzen dituen arazoa dirudi ugalkortasunarenak; aste honetan, 'Ur Handitan'.
Ama eta aita izateko jaioak sentitu dira beti aste honetako protagonistak. Arantxi del Rio tolosarraren kasua da, baina ama izateko saiakeretan hasi eta berehala ikusi zuen gorputzak ez zuela bere desioa betetzen. Hilekoa etortzen zitzaion bakoitzean nolabaiteko 'dolu prozesua' gainditu behar izaten zuen. Umeak izatea 'obsesio' bilakatu zen horretan, sexua 'etxeko lanak' egitearen modukoa zen Arantxirentzat. Eta behin ugalkortasun klinikara jotzeko pausoa eginda, gaiaren inguruan dagoen lotsa sozialaz jabetzea tokatu zitzaien Arantxiri eta bikotekideari. Klinikan ezkutuan zebiltzan herrikideak aurkitu eta agurra ukatu izana ere jasan dute. Egun, hiru seme-alabaren guraso dira.
Ugalkortasun tratamenduetatik irtendako haurrak gizarteak 'poteko' ume gisa ikusten dituela uste du Nerea Artetxek. Horrelakoak entzutera ohitu da Nerea Artetxe bilbotarra. Gauza askoren gainetik jarri du ama izateko bere nahia, baita bikote bizitzaren gainetik ere, Nerearen egungo bikotekideak ez baitu seme-alabarik izan nahi. Hori ez da, ordea, oztopo izan Nereak tratamenduarekin aurrera egiteko. Bidean, obulu emailearengana jo behar izatea onartu behar izan du, eta erabaki hori ere traumatikoa izan zen, Nereari kostatu egin zitzaiolako seme-alabak bere antzik ez izateko aukera onartzea. Hainbat tratamendu egin ditu jada, eta oraingoz ez du emaitza positiborik izan, baina Nerea irribarrea galdu gabe aurrera jarraitzeko prest dago, noiz edo noiz bere semea edo alaba besoetan izateko itxaropenez.
Prozesu luzeak dira ugalkortasun tratamenduak, eta guraso izan nahian medikuen esku jartzen direnei are luzeagoa egiten zaie dena. Irantzu Elejaldek bi seme-alaba ditu egun, baina bere lehenengo haurdunaldia antsietatez eta etsipenez betetako 5 urte luzeren ostean iritsi zen. Ugalkortasun arazoek bultzatuta, bikotea dibortziatu ere egin zen. Semea iritsita, ordea, laster batu ziren berriro, eta pasatutako unerik txarrenak atzean utzi, eta bigarren haurra izateko tratamendua martxan jarri zuten.
Iratxeren eta Anakotzen kasuan ez da ugalkortasun arazorik izan. Birritan gelditu dira haurdun, baina biak izan dira ezbehar larriz betetako haurdunaldiak. Lehenengoan, umea amaren sabelean zegoela hil zen; bigarrenean, jaio eta egun gutxira. Bikoteak oraindik ez du bete etxean ume bat izateko ametsa, baina esperientziarik traumatikoenak ere ez du gelditu Mallabiko bikote hau.
'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:45ean, ETB1en eta eitb.eus-en.