Urtebete pasa da harremanik ez izateko eskatu zigutenetik. Birusari jarri genion harresia izan zen isolamendua, etxekoa hasieran, soziala gero. Baina izaki sozialak izanda, nola eragin digu horrek besteekin erlazionatzeko moduan? Nolako harremanak izan ditugu lagunekin? Jende berria ezagutzeari utzi diogu?

"Pandemiaren ondorioz hartutako neurriak eragina izan du harremanak bilatzeko moduetan, aurrez aurreko harremanak bilatzea ia ezinezkoa bihurtu da, konfinamenduagatik, murrizketengatik…", azaltzen du Harremanak elkarteko Olatz Berastegi psikoterapeutak eta sexologoak.

Konfinamenduan, Internetera jo genuen gure aisialdian entretenituta egoteko, lan egiteko, ikasteko… eta baita harremanak bilatzeko, "hor egon delako jende berria ezagutzeko aukera". Familia eta lagunekin kontaktuan jarraitzeko modu bakarra izan zen hiru hilabetez, eta ondoren, murrizketek eta prebentzioak behartuta, erreminta lagungarria izan zaigu, isolatzeko eskatu diguten honetan. "Murrizketek eragin zuzena izan dute, eta nahiz eta sare sozialen bitartez ezagutu, ondoren aurrez aurreko aukerak asko murriztu dira", gogorarazten du Harremanak elkarteak.

Euskaldunon Harremanetarako Gunea da kaixomaitia, Internet bidez euskaldunok jendea ezagutzeko eta ligatzeko dugun tresna. Aztiker Soziologia Ikergunearekin batera kaixomaitia-k 2020an egindako Euskal Herritarron Harreman Afektibo eta Sexualei buruzko Ikerketaren arabera, lagunartean (% 31,6) eta parrandan (% 35,8) dira bikotekidea topatzeko aukera ohikoena euskaldunen artean. Pandemiaren aurretiko datuak dira, eta lagunarteko bilera eta parranda gutxi azken urtean.

Iñigo Arandia Kaixomaitia-ko sortzaileak azaldu digunez, bereziki adin tarte gazteenen artean izaten da hori sozializatzeko modu nagusia, "nahiz eta gero eta gehiago diren harremanetarako webgune eta aplikazioak erabiltzen dituztenak". Arandiak uste du "osasun larrialdiaren ondorioz hartu diren neurriak asko mugatu dituztela gizabanakoen sozializatzeko aukerak, bikotekidea topatu edo harreman afektibo sexualak izateko aukerak".

"Gizakiak izaki sozialak gara, eta beharrezkoak ditugu harremanak, sexualitatea bizitzea eta plazerarekin konektatzea. Garrantzitsuak dira gure ongizaterako", gogorarazten du Berastegik. Testuinguru horretan, ezin ahaztu murrizketek osasun mentalean eragindako kolpea, batez ere gazteen artean: "Gazte asko nekatuta daude, triste, ezinegon handiarekin beraien ongizaterako beharrezkoak dituzten bizipenak erabat ezkutatuta geratu direlako. Etengabe albiste negatiboekin lotzen dira, arduragabekeriarekin, baina beraien osasunean (osasun fisikoa ezin baita ulertu osasun mentaletik kanpo) planteatzen diren murrizketak ez dira plazaratzen". Eskerrak Internet lagun izan duten.

Pandemiagatik elkarrengandik urrundu behar izan dugun honetan, "garai hauek gehiago izan dira ereitekoak, uzta jasotzekoak baino". Ereite hori online eman duela baieztatzen digu Arandiak. "Internet bidezko kontsumoa areagotu egin da zentzu guztietan, streaming plataformak, komertzio elektronikoa eta jakina, harremanak bilatzeko webguneak ere indartu dira", dio, "bereziki konfinamendu gogorreko lehen hilabete horietan".

Egongo da, egoerak behartuta, harremanak Internetez lehenengo aldiz bilatu dituenik azken urtean. kaixomaitia-ko sortzaileak azaldu digunez, askorentzat ligatzeko aplikazioak izan dira jende berria ezagutzeko modu bakarra. "Bikotekidea edo harreman afektibo-sexualak Internet bidez topatzeak oraindik ere ba du horrelako estigma bat. Zorionez, gero eta normalizatuago dago aukera hau, eta pandemiak zenbaitentzat aukera bakar gisa utzi du", dio Arandiak.

Ligatzeko aplikazioak erabiltzea denborarekin normalduz joan da azken urteetan, eta ez bakarrik gazteen artean. Gure harremanen zati handi bat bideodeien bitartez jorratu dugun garai honetan, joera hori azkartu egin dela esan genezake. 2020an Kaixomaitia-ko harpidetzak bikoiztu egin dira."Azken urteetan nabarmen egin du kaixomaitia.eus-en gora 55 urtetik gorakoen izen-emateek. Pandemiak guztia indartu baino ez du egin", azaltzen du Arandiak.

Bikote barruan ere sekulakoa izan da isolamendu sozialaren eragina. "Harreman guztietan izan du eragina, eta beraz, bikote harremanak ezin ditugu eragin horretatik kanpo utzi", azaltzen digu Harremanak elkarteko sexologoak.

Etxeko itxialdian, baita harremanak murriztu ditugun hurrengo hilabeteetan ere, elkarrekin bizi direnen artean "elkarbizitza areagotu" egin da, eta "bikoteek denbora gehiago pasa behar izan dute elkarrekin". Elkarrekin bizi ez direnek ere murrizketen ondorioak pairatu dituzte, kasu horretan "zailtasunak izan dituztelako elkarrekin egoteko".

Bi aspektuek izan dute eragina bikote harremanetan, psikologia arloko profesionalek baieztatu dutenez. Elkarrekin bizi diren bikoteen artean, askotan, "egunerokotasunaren kargak eta bikotetik kanpo haizea hartzeko zailtasunak eragina izan du bikoteen gatazketan, eta elkarrekin bizi ez diren bikoteetan ikusteko egon diren zailtasunak ere etsipen sentsazioa sortu du", azaltzen du Berastegik.

Eta sozializatzea normaltasunera itzultzen denerako, zer atera ahal izango dugu honetatik? Harremanak elkarteak ohartarazten du tarte bat beharko dugula "bizitakoa kokatu eta integratzeko, hau da, hemendik ateratzen ditugun irakaspenak ulertzeko".

Ondoren datorrenaren inguruan, denak usteak eta nahiak dira momentuz. "Espero dezagun gizarte bezala humanoagoak ateratzea, elkarren beharrez jabetzea, eta gure arteko harremanetan beldurra, epaiketa eta zurruntasuna ezarri beharrean, elkar ulermena eta zaintza zabaltzea". Hori da Harremanak elkartearen desioa, hori baita bikote harremanetan ere urteetan lantzen izan diren filosofia: "Pandemia honek erakutsi digun hauskortasuna bihurtu dadila indargune bestearen beharraz jabetzeko eta besteak eskaintzen duenaren balioez jabetzeko".

Bide beretik jotzen du Arandiak: "Espero dut inoiz baino kontzienteagoak izango garela norbanako sozialak garela, besteen beharra badugula, harreman afektibo-sexualen garrantziaz eta baita zaintzaren garrantziaz ere, norberekoaren zaintzatik hasita". Baina ezin diogu krisi ekonomikoaren ondorioei erreparatzeari utzi, "jakina, eragin handia izango duelako harremanetan".

Nicholas Christakis soziologoaren ustez, beste pandemietan gertatu zenean oinarrituta, behin talde immunizazioa lortuta eta ondorio sozial eta ekonomikoak gaindituta, hiruzpalau urteren buruan, "pandemia osteko" aroan sartuko gara. Horiek izango dira neurrigabekeria sozial eta sexualeko urteak. Dirua xahutzen ere hasiko omen gara.

"Hori diote batzuk, sexu eta kontsumo neurrigabekeria garaia datorrela", dio Arandiak. "Poztekoa" sexuaren inguruan askatzea, baina horrez gain "kontsumitzeko beharra izango badugu, inor gutxiri egingo dio mesede".

Neurri handi batean, gure esku egongo da besteekin nolako harremanak sortu nahi ditugun erabakitzea. Harremanak elkarteak uste duenez, "azken aldian jendea nekatuta dago, beldurraren poderioz, elkarrekiko mehatxuak zabaltzen ari dira, bestearen jarrerak ulertu beharrean epaitzen dira, eta ondorioz ligatzeko besteari check list izugarria pasatzen diogu. Zaila ari da bihurtzen topaketa, eta gizarteratzen ari den beldurra gorputzak urruntzen ari da, gerturatu beharrean".

"Espero dezagun elkarren beharrak eta gorputzak eskatzen duten plazerak guzti hau gainditzea eta, esan bezala, gizarte humanoagoa eraikitzen laguntzea", nahiko luke Harremanak elkarteak. "Elkar zaintza, afektibitatea, osasuna eta gizartea erdigunean jarri beharko genituzke, balio material eta ekonomikoen gainetik", bukatzen du Arandiak.