Pandemia hasi zenetik, covid-19ari buruzko albisteek komunikabideen programazio gehiena bereganatu dute mundu osoan. Konfinamendua eta lehen alarma egoera piztu eta urtebetera, pandemiari buruzko albisteek hedabideen agendak markatzen jarraitzen dute.

Egoera horri, gainera, hainbat kanaletan zabaldutako albiste faltsuak eta desinformazioa gehitu behar zaizkio, eta, horren ondorioz, zenbait adituk infodemia izan daitekeela ohartarazi dute.

Julen Orbegozo kazetari eta EHUko irakasleak uste du litekeena dela komunikabideek pandemiaren jarraipenean "gehiegikeriak" egin izana. Covid-19a mundu osoan eragin handia izan duen gaixotasun bat da, eta gizarte-klase guztiei, pertsona guztiei eta esparru guztiei eragin die, ekonomia zein gizarte alorrean. “Beraz, logikoa da komunikabideek arreta oso handia eskaintzea horri, baina hortik harago, ez dakit ez duten esajeratu pittin bat; ia urtebetean informazioaren erdia edo gehiago birus edo pandemia batek kutsatu du”, adierazi du.

Orbegozoren arabera, hedabideek istorio bat sortu dute pandemiaren inguruan aktore batzuekin, korapilo batekin, txertoekin askatuko zela zirudiena baina oraindik askatu ez dena, eta amaiera batekin. Gainera, zehaztu duenez, beldurraren inguruan eraikitako kontakizuna izan da; izan ere, “beldurraren markoa erabiltzen ari dira jendeari zerbait eginarazteko”.

Infoxikazioa

EHUko irakasleak ez du uste egungo egoera infoxikazio egoera denik, baina beharrezkotzat jotzen du komunikabideek informazioa eta entretenimendua bereiztea. “Jendeak nobela beharra du, nobelak gustatzen zaizkigu, baina XXI. mendekoak. Berritasunerako eta nobelarako joera daukate herritarrek, horregatik bilatzen ditugu horrelako istorioak. Hori ez da informazioa, hori entretenimendua da, eta sentsazionalismorako joera du”.

Infoxikazioari dagokionez, kazetariak arretaren ekonomiarekin lotzen du. "Gizartean informazio sakona bilatu beharrean, egiten duguna da arreta pasatu gauza batetik bestera oso arin, ez daukagu gaitasunik arreta zerbaitengan mantentzeko denbora luzez. Orduan, horrek ere informazio hedapenaren kontra jokatzen du”.

Interakzio komunikatiboen saturazioan bizi gara, eta "hor informazio gardenak, egiazkoak, sakonak, badauka zailtasun oso handi bat". Herritarrek input komunikatibo "asko" jasotzen dituzte egunean, telefono mugikorrean edo beste pantaila batzuen bidez, baina oso gutxi dira kalitatezko informazioa.

"Agian paratu gaitezke gairen batean informazio sakonagoa bilatzen edo irakurtzen, baina gure arreta ez da larregi horretan zentratuko”, gaineratu du.

Horrela, “infoxikazioa da gure gizartearen ondorio bat. Pantailak ugaritzeak egin du arretak asko jaistea eta, orduan, gertatzen dena da bizi garela mare magnum edo totum revolutum batean, eta ez garela gai bereizteko zer den informazioa eta zer den entretenimendua”.

Horren harira, informazioa nola kontsumitzen den aztertu eta autokritika egiteko beharra dagoela azpimarratu du Orbegozok. “Arazoa ez da komunikabideena, arazoa gurea da, kontsumitzaileena, komunikabideek kontsumitzaileek nahi dutena ematen dutelako. Beraz, nire ustez, komunikabideak edo informazioaren ekosistema osoa eta sortzen den informazioa kritikatu aurretik, gure kontsumo-ohiturei begiratu behar diegu. Gu, pertsona eta gizarte moduan, zer ari garen kontsumitzen, zer bilatzen dugun. Eta informazioa baino gehiago entretenimendua bilatzen dugu eta gure usteak berretsiko dituen input komunikatibo bat”.

Ondorio psikologikoak

Hainbat adituk ohartarazi dutenez, covid-19ari buruzko etengabeko albiste horiek ondorio psikologikoak izaten ari dira pertsonengan. Pandemiaren hasieran EHUk egindako azterlan batek jaso zuen pandemiari buruzko informazio gehiegi emateak osasun mentalerako ondorio kaltegarriak izan ditzakeela.

Arantxa Gorostiaga EHUko irakasle eta ikerketa horretako parte-hartzailearen hitzetan, oro har ondo dago egoera estresagarri batean informazioa biltzea, gutxi eta kalitatezkoa bada, kontrol sentsazioa hobetzen baitu. Arazoa da egungo egoeran prozesatu dugun informazioa gehiegi eta jarraitua izan dela. Gainera, “horri buruzko albisteak, salbuespenak salbuespen, gehienbat negatiboak izan dira, eta horrek areagotu egiten du pertsona askoren depresioa eta antsietatea”.

Unibertsitateko irakaslearen arabera, bere ustez, komunikabideetatik jasotzen dugun informazioak errealitateaz dugun pertzepzioa baldintzatzen duela.

Albisteen saturazioaren aurkako neurriak

Belgikak aurrerapauso bat eman, eta covid-19ari buruzko albisteak bertako hedabideetan mugatzeko erabakia hartu du; horrela, nazioartean horrelako neurriak hartzen aitzindaria da. Pandemiarekin lotutako albisteek ezingo dute albistegi baten denboraren % 50 gainditu telebista publikoan, Belge Francophone Irrati Telebistak bere webgunean argitaratutako artikulu batean azaldu duenez.

Irratiak ere mugatuko du albiste kopurua, koronabirusak beste gai batzuetarako denborarik gabe ez uzteko. “Covid-19arekin lotutako funtsezko gaiak sartu ondoren, sarritan denbora gutxi geratzen da beste gai batzuk jorratzeko”, esan du Joëlle Meert La Première eta Vivacité hedabideetako editoreak.

Gorostiaga neurri horrekin ados agertu da, eta etorkizunera begira egokia dela uste du. Horren ustez, komunikabideek erantzukizun handia dute, “zaila baita hedabideetan behin eta berriro jorratzen den gai batekin deskonektatzea, pertsona bati hori aholkatu arren”.

Julen Orbegozok ere positibotzat jo du erabakia. Kazetariaren aburuz, oso jarrera positiboa da, baina zaila izango da aurrera eramatea. Gainera, ohartarazi duenez, “arriskutsua izan daiteke editoreei edo editatzen duten pertsonei hau albistea da eta hau ez da albiste edo honek albiste izan beharko luke eta honek ez”.

Nola egin aurre egoera honi?

Hedabideei euren ardura kendu gabe, bi adituak ados daude: gizarteak informazioa kontsumitzeko modua aldatu behar dute.

Gorostiagak informazioa murriztea eta horren kalitatea hobetzea gomendatu die herritarrei. Halaber, deskonektatzearen garrantzia azpimarratu du, eduki informatiboa ez ezik, eguneroko elkarrizketen edukia ere aipatuta.

Pertsonak arlo horretan heztea beharrezkoa dela ere adierazi du Orbegozok, hedabideei kalitatezko produktu bat eska diezaieten; izan ere, gaur egun, “pertsonek produktu arin bat bilatzen dute, azkar kontsumitzeko, eta entretenimendura begiratzea, arreta batetik beste batera pasatzeko etengabe”. Halaber, azaldu duenez, “polarizaziora bideratuta gaude” eta gure sinesmenak eta uste sendoak indartuko dituzten edukiak bilatzen ditugu.

Hedabideek gizarteak eskatzen duena ekoizten dutela adierazi du, eta, bere aburuz, une honetan gizartea ez dagoela kalitatezko informazioaren truke ordaintzeko prest. “Gizarteak kalitatezko produktu gehiago eta kazetari espezializatu gehiago eskatuz gero, komunikabide gehienak, ehuneko handi batean pribatuak direnak, enpresa direnak eta negozioa bilatzen dutenak, kalitatezko kazetaritza egiten hasiko dira”, iragarri du.

Fake newsei eta entzuleei dagokienez, Orbegozok The Conversation egunkarian argitaratu zuen artikuluaren arabera, “erantzukizuna partekatua da”. “Banaka badugu zer eginik, eta erakundeei arazoaren sustraietara jotzeko eskatu behar diegu, eraikitzen dugun gizarte mota, erlazionatzeko erabiltzen ditugun sare motak eta komunikatzeko kontsumitzen ditugun bitarteko motak baitaude horren atzean”, azaldu zuen bertan.

Artikulu horretan, halaber, zenbait aholku eman zituen fenomeno horri aurre egiteko: “jarraitzen dituzunen zirkulua eta jarraitzaileen zirkulua zabaldu; iritzi desberdinak dituzten pertsonez inguratu; konfiantza sortzen dizun kazetaritza finantzatu; noizean behin komunikabide digitalak kontsultatzeko errutina batzuk hartu eta like botoiari emateko zure baldintza moralak egokitu; eduki gehiago sortu, propioak, sormenezkoak, dibulgaziozkoak, eta, noizean behin, albisteak baieztatzeko atarietara jo, malditobulo.es edo Newtral.es atarietara, esaterako.

Azkenik, “desinformazioaren aurka, espiritu kritikoa. Eta informazioaren aurka ere, espiritu kritiko gehiago”, gaineratu zuen.