“Telefono bidezko arretak lagundu digu neurri handi batean”

Telefono bidezko kontsulta ez da berria, covid-19aren pandemia izan baino lehen medikuek bizpahiru kontsulta izaten baitzituzten egunero agendan, baina pandemiarekin biderkatu egin dira. Horrek berritu eta ikasi beharra ekarri digu, eta baita muga batzuk ere.

Pandemia hastearekin batera erabaki zuten osasun zentroetan arreta telefonikoa izango zela nagusi, gaixoen joan-etorriak murrizteko, eta garai batean aurrez aurrekoak ziren kontsulta guztiak edo gehienak telefono bidez bideratu dira urtebetean.

Horrek aldaketa handia ekarri du. “Telefono bidezko arretak lagundu digu neurri handi batean; batetik, koronabirusa izan dezakeen gaixoa beste zirkuitu batzuetara eramateko, eta, patologia hori susmatzen ez dutenen kasuan, beste ordu edo leku batean artatzeko”, esan digu Ruben Garcia Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteko presidentea eta Osakidetzako pediatrak.

“Baloratzen dugu noraino den beharrezkoa etortzea edo ez, gauza batzuk etxetik kontrola ditzakegulako eta arreta jarraitua emateko balio du; hala ere, telefono bidezko arretak ez du baztertzen aurrez aurreko arreta, eta kontsulta asko, hasierako deiaren ostean, aurrez aurre egin beharrekoak izaten dira.

Telefono bidezko kontsultak mediku baten eguneroko agendaren % 5-15 ziren pandemiaren aurretik; pandemia garaian, berriz, % 70-90 izan dira momentu batzuetan. 2020ko datuak aurreko urteko datuekin alderatuz gero, kontsulta kopuruak behera egin du ospitaleetako larrialdi eta kanpo kontsultetan, eta Lehen Mailako arretan, aldiz, gora.

“Gizarte sareetan, komunikabideetan, faltan bota dugu erakundeen babesa argiago esateko Lehen Mailako Arretan ez dabiltzala lan gutxiagorekin, baizik eta kontrakoa, kontsultak eta lanak handitu egin baitzaizkigu 2020an zehar”, azpimarratu du Ruben Garciak.

Osakidetzako pediatraren esanetan, aurrez aurrekoen eta telefono bidezkoen arteko erlazioa aldatu da, “baina, berez, jarduera kopurua handitu egin zaigu, horrek dakarren lan karga eta nekearekin”.

“Jendeak askotan pentsatzen du telefono bidezko arretak denbora gutxiago eskatuko digula, eta gure agendak zabaldu daitezkeela telefono dei pilo bat egiteko; gainera, errazagoak ere ez dira izaten berez”, horren hitzetan.

Zentzu horretan, “gure agendek ez dute mugarik, eta hori kalitatez eta segurtasunez lan egiteko arazo izugarria da. Pandemian zehar, 40, 50, 60 pazienteko egunak ere izan ditugu”, azaldu du.

Abendu-urtarriletik telefono bidezko deien portzentaje horiek aldatzen joateko eskatu die Osakidetzak medikuei, aurrez aurreko kontsulta kopuruak handitzeko. “Hori olatu baten erdian egitea ere zaila da, askotan antolamendu arazoak sortzen dituelako. Izan ere, zuk zenbakiak sartu ahal dituzu agendetan, baina gero antolamendu eta tarte mugatuak ditugu”. Hala ere, ikasten eta hobetzen joan direla aitortu du Garciak, eta “hori pandemia honetatik atera dezakegun ikasketetako bat da”. “Gure agendak autonomia handiagoz kudeatzeko aukera eman digu, eta ohikoak genituen baina gainetik pasatzen genituen beste kontu batzuetan sakontzeko aukera ere eman digu”, gaineratu du.

Okerrik izan den galdetuta, “baliteke okerrak egon izana”, Garciaren esanetan, baina “ez dut uste hori zenbakietan esanguratsua izango denik”. Diagnostikoen atzerapenetan, esaterako, “komentatu izan da minbizi mota batzuen kasuan diagnostikoak atzeratu direla covid-19aren ondorioz, baina ez daukagu datu zehatzik oraindik. Esango nuke helduen artean hori agian gertatu dela gehiagotan, baina, nire aburuz, hori ez da umeen artean gertatu”.

“Hala ere, pandemiaren beste gauza batzuekin gertatu bezala, honekin ere egin daitezkeen edo egiten ari diren ikerketek esango digute benetan noraino diren baliagarriak telefono bidezko kontsultak: berdin balio dute? balio dute gauza batzuetarako eta beste batzuetarako ez? zeozer uzten ari gara atzean, arreta hau horrela emateagatik? Hori denborak eta bereziki zenbakiek esango dute”, gaineratu du Ruben Garciak.

Arreta telefonikoak ez du osasun arazo guztietarako balio

Egun batetik bestera, martxoaren 16an, dena edo ia dena telefono bidezko arreta bihurtu zen. “Hasiera batean halabeharrez hartu zen erabakia, eta martxotik hona egokitzen joan gara, zertarako eta norentzat izan daitekeen baliagarria kontsulta modalitate hau”, azaldu digu Mikel Baza Osakidetzako familia-medikuak.

“Gai izan gara isolatuta zeuden pertsonei eta covida izan dutenei bereziki jarraipena egiteko. Jendeak asko eskertu digu, eta horretan erreferente izan gara”, esan du Bazak.

Edozein balorazio kliniko telefonoz egitea aurrez aurre egitea baino zailagoa da. Gaixoa aurrez aurre izan ezean, esplorazio fisiko on bat egiteko aukerarik ez dago eta ahozkoa ez den mezua galtzen da neurri batean.

“Oztopo nagusia komunikazio egokia lortzea izan da. Telefono bidezko kontsultak ez dira erabilgarriak pertsona guztientzat; batetik, teknologia menperatu behar delako, eta bestetik, badagoelako muga handi bat entzumen mugatua dutenentzat, pertsona nagusientzat edo hizkuntza menperatzen ez dutenentzat”.

Hala ere, Lehen Mailako Arreta osagarria izan da, “ezagutzen ez duzun pertsona bat telefonoz artatzea oso zaila baita, baina ez da gauza bera pertsona ezagutzen duzunean, eta horrek guri balioa eman digu eta aukera eman digu beste espezialitate batzuek telefonoz egin ezin dutena guk egiteko; aldez aurretik harreman bat daukagulako, ezagutza bat, konfiantza eta horrek ahalbidetu digu osasun arazoei arreta egokia ematea”. “Ez soilik min fisikoei, emozionalei ere (tristura, estutasuna) kontsultako atea zabaldu diegu”.

Bestalde, “bide bat eginda bazegoen ere, ez geunden prest prestakuntza aldetik profesionalak kontsulta guztiak eta osasun arazo guztiak telefonoz artatzeko”, azaldu du Bazak. “Gure buruak ere ez zeuden prest”, gaineratu du.

Oraindik ere telefono bidezko arreta neurri handi batean ematen da, baina orain “profesionalek eta gizarteak berak badaki zertarako erabil daitekeen eta horrek indarra ematen dio batak besteari”.

Gainera, telefono bidezko arretan beste laguntza batzuk ere izan dituzte: WhatsApp, bideo-deiak edo posta elektronikoa, eta” batzuetan horrek ere lagundu digu arreta modu egokian kudeatzen”.

“Argazkiak eta bideoak erabili izan ditugu esplorazio birtualak egiteko eta aurrez aurrekoa saihesteko. Nahiz eta teknologikoki erabat prest ez gauden”, azaldu du.

Ildo horretan, zenbaitek arreta telefonikoa eskertzen dute, Bazaren arabera, “ematen dizun malgutasunagatik: ez duzu huts egin behar lanera, segun zertarako ez zara osasun zentrora hurbildu behar”.

Gaixoak egoera sozial jakin batean artatzeko prestatuta daudela azaldu du Bazak, eta, horregatik, egoera berezi hau gogorra izan dela esan du . “Fase ezberdin askotatik pasatu gara. Izua eta ezjakintasuna; gure esku genituen baliabideak ez ziren behar genituen guztiak, baina hori ere egokituz joan gara eta birusaren transmisioari buruzko ezagutza gero eta hobeagoa izan dugu, eta horrek askoz ziurtasun eta babesteko aukera gehiago eman digu”, adierazi du.

Hasierako zailtasun bat telefonoen lineen kolapsoa izan zen

“Pandemiak atzekoz aurrera harrapatu gintuen martxoan; ez zegoen babes-elementu nahikorik, eta birusaren inguruko ezjakintasunak ospitaleak eta Lehen Mailako Arreta kolapsatu zituen”, azaldu digu Manu Mozota Nafarroako Mediku Orokor eta Familia-Medikuen Elkarteko presidenteak.

“Ez geunden prest horrenbeste dei jasotzeko. Telefonoa hartzen zeudenak ez ziren bikoiztu. Nafarroako osasun-zentro askotan, batez ere landa-eremuan, telefono-lineak ez zeuden prestatuta eta kolapsatuta zeuden. Mediku askori kosta egin zitzaien aldaketa hori egitea, ohituta baitzegoen pazientea ezagutzera eta modu klasiko samarrean jokatzera”, Mozotaren hitzetan.

Gainera, telefono bidezko kontsultek ezinegona sortu zuten herritarren artean, “jendeak uste baitzuen medikuek ez zietela jaramonik egiten”.

Mozotaren esanetan, “telefono bidezko kontsultak bere funtzioa du, eta positiboa da ondo erabiltzen bada, baina egun batetik bestera medikuak ikusiko ez zuela sentitzea, horrek herritarren artean alarmismoa eta nahigabea eragin zituen”.

“Hori dela eta, jendeak mesfidati jokatu zuen sistemarekin, Lehen Mailako Arretako medikuarekin, eta erreklamazioetan eskuragarriena den pertsonarengan jarri zuen arreta, hau da, buruko medikuarengan”, azpimarratu du Mozotak.

Hala ere, Mozotaren arabera, telefono bidezko kontsulta azkar erabiltzen bada eta behar bezala erabiltzen ez bada, “frustrazioa eta atsekabea sortzen du herritarrengan, baita medikuengan eta osasun-langileengan ere”.

Mediku nafarraren aburuz, “nahiko gogorra izan da; nekea metagarria da, eta ez da gauza bera lehen olatua eta bigarrena”.

Bigarren olatuan, babesteko material gehiago izan dituztela eta birusaren ezagutza hobea lortu dutela azaldu du. “Gabonen ondoren iritsi ziren txertoak . Estrategia aldaketa da hori, itxaropena ematen baitigu udan, behar adina txertaturekin, artaldearen immunitatea lortzeko”.

Orain badirudi gauzak hobeto doazela, “itxaropentsu gaude, eta Aste Santuan Gabonetako akats berberak ez egitea espero dugu”, esan du.

Amaitzeko, Mozotak uste du telefono bidezko kontsultak pandemiaren eta Lehen Mailako Arretaren egoeraren arabera egokitu beharko direla, “ezin baitugu duela 40 urteko egitura bera izan, gizartea oso azkar aldatu baita”.

Ildo horretan, “Lehen Mailako Arretak, hau da, sartzeko atea eta sistematik irteteko atea izan beharko lukeenak, herritarren beharrak ase behar ditu. Lehen Mailako Arretak erabakitzailea izan behar du”, azpimarratu du.

Jendea berehala artatzera ohituta dago

Telefono bidezko kontsulta ezinbestekoa izan da erizainentzat ere. “Aurrez aurreko arreta modu seguruagoan eta ordenatuagoan kudeatzen lagundu digu, itxarongelan pilaketak saihestuz eta irisgarritasuna handituz”, esan digu Mari Tere Reina Osakidetzako Pediatriako erizainak.

Erritmo bizian lanean ari direla azaldu digu, eta Pediatrian dituzten lantaldeen malgutasunari esker pandemiaren ondoriozko lanaren gainkargari eta profesional gehiago kontratatzeko ezintasunari aurre egiten diotela gaineratu du. “Konturatu gara oso dinamikoak garela, oso malguak, eta denetara egokitzen garela”, esan du Reinak.

“Ez diogu inoiz umeen txertaketa eta berrikuspenen programazioa egiteari utzi, baina jendea berehala artatzera ohituta dago”, gaineratu du. “Jende asko itxarongelara iristen zenean, hutsik zegoelako harritzen zen; egia esan, ez zen aurrez aurreko arreta ematen ez zelako, baizik eta irisgarritasun-protokolo batzuk jarri genituelako espazio seguruak eskaintzeko”, azaldu du.

Pandemiaren hasieran, beldurra eta ziurgabetasuna izan zen nagusi: “Beldur pertsonala ez ezik, familia kutsatzeko beldurra ere bagenuen lanaldia amaitzean; horregatik, etxera heltzean neure burua konfinatzen nuen (aparte jan eta lo egiten nuen eta komun bat niretzat bakarrik nuen), hurrengo egunean lanera itzultzeko”.

“Estresa eta gure beldurrak bideratzen ikasi dugu. Terapiak egiten ditugu gure artean, txantxak egiten ditugu, lanaldi bakoitzari aurre egiteko”, azaldu digu. Fisikoki ere zazpi orduz babesteko ekipamenduekin lan egitea zaila eta deserosoa dela esan digu: “Batzuetan hotza pasatzen dugu; besteetan, aldiz, beroa”.

Gure etorkizun hurbilaz galdetuta, “birusa, oraingoz, luzerako geratuko da”, esan digu. “15 eguneko bularreko haurrei PCRa egin izan diet, eta gomendioa bisitarik ez jasotzea da”.

“Biztanleek apur bat gehiago jabetu beharko lukete egoeraz. Gomendioak eta arauak ez betetzeak eragina du osasun-sisteman; izan ere, PCR gehiago egiten ditugu, kasu gehiago dago, jarraipen gehiago egin behar dugu, ospitaleratze gehiago eta askoz dei gehiago izaten dira, eta osasun-sistemak gainkarga du. Denok kontzienteago ez bagara, luzatu egingo da”, azpimarratu du.