Gizartea -

Koronabirusa

EAEko hainbat ospitaletan probak hasi dituzte urpekaritza maskarekin

Maskara horiek lagungarri izan litezke "arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pazienteentzat", COVID-19a dutenentzat, esaterako.

Osasun-langileak. ETEren bideo batetik lortutako argazkia
Osasun-langileak
Osasun-langileak. ETEren bideo batetik lortutako argazkia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko zenbait ospitaletan probak hasi dituzte laborategietan, bi enpresaren (Decathlon eta Cressi) urpekaritzarako maskara batzuen balizko erabilera aztertzeko, COVID-19 gaitza eragiten duen koronabirusaren ondorioz "arnasa hartzeko zailtasunak dituzten pazienteei laguntzeko".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldutakoaren arabera, maskara horiek erabilera horretarako "balio duten edo ez aztertzea" da proben helburua, eta, horregatik, "gaur-gaurkoz, ez dira pazienteekin erabiltzen".

Aurpegi osoa estaltzen duen urpekaritza maskarak dira, eta gainazalean snorkel egiten denean arnasa hartzeko aukera ematen dute.

Italiako mediku batzuei otu zitzaien koronabirusarekin kutsatuta dauden gaixo arinentzako aldi baterako arnasgailu bihurtzeko erabil daitezkeela maskara horiek.

"Une honetan, konexio-balbula bat baloratzen eta lantzen ari gara", esan dute. Hala ere, "badira kutsatzeko arrisku handieneko eremuetan maskara eta betaurrekoak ordezkatzeko erabiltzen dituzten profesionalak".

"Maskara horiek pazienteentzat edo profesionalentzat baliagarritzat jotzen badira, donazioak jasotzeko gune jakin batzuk antolatuko ditugu", iragarri du Osakidetzak, eta, oraingoz, material hori ez dela gaixoak "tratatzeko" erabiltzen ari gaineratu du.

Decathlonek dohaintzan eman ditu urpekaritza maskara horiek Espainiako leku batzuetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasun zentroak gaur Maskarak koronabirusa