Politika -

Diputatuen Kongresua

Sanchezek agerraldia egingo du Kongresuan maiatzaren 22an, bere emaztearen jarduerei buruz hitz egiteko

Presidenteak bere "inguruari eragiten dion interes-gatazka" gaiaren inguruan PPk egin zuen agerraldi eskaerari erantzungo dio. Europako azken Kontseilua, Ekialde Ertaineko egoera eta Gibraltar ere izango ditu hizpide.

Pedro Sanchez Kongresuan
Pedro Sanchez Kongresuan
Pedro Sanchez Kongresuan

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezek, Espainiako presidenteak, agerraldia egingo du datorren asteazkenean, maiatzaren 22an, Kongresuko osoko bilkuran, Begoña Gomez emaztearen aurkako salaketari buruz hitz egiteko.

Egun horretan bertan, beste gai batzuk ere jorratuko ditu, hala nola, azken Kontseilu Europarra, Ekialde Ertaineko egoera eta Gibraltar.

Patxi Lopez bozeramaile sozialistak zehaztu duenez, Bozeramaileen Batzordeak data jarri die Sanchezek aurreikusita zituen lau agerraldiri eta eztabaida guztiak jardunaldi berean egingo dira.

Horietako bi PPren eskaerak izan ziren. Lehenengoa, popularren aburuz, PSOEri eta "Gobernuko presidentearen inguruari" eragiten dion "interes gatazkari" buruzkoa izango da. Presidenteak Moncloan jarraitu ala ez erabakitzeko eman zituen bost egunetako hausnarketaren ondoren erregistratu zuen eskaera PPk.

Patxi Lopezek esan du presidenteak ez duela "ezer ezkutatzeko" eta horregatik hartuko duela parte datorren asteazkenean gai honi buruz egingo den eztabaidan.

PPren bigarren eskaria Sanchezek duela aste batzuk Palestinako Estatuaren onarpenari babesa bilatzeko Europako hainbat herrialdetan egin zuen birari buruzkoa da.

Beste bi eztabaidagaiak Gobernuak berak eskatuta onartu dira. Alde batetik, Sanchezek Europako Kontseiluaren azken bileraren (apirilaren 17an eta 18an izan ziren) emaitza azalduko du. Bestetik, Gibraltarko aireportuaren erabilera partekatua eta mugako hesia kentzeko Erresuma Batuarekin laster egingo den akordioari buruzko azalpenak emango ditu.

Agerraldi hori Europako hauteskundeen kanpaina hasi bezperetan eta Gobernuak Palestina aitortzeko erabakia hartu dezakeen egunen bueltan egingo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Espainiako Gobernua albisteak Espainia gaur Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak