Politika -

KRISI DIPLOMATIKOA

Zer da enbaxadore bat kontsultara deitzea?

Espainiako diplomaziak Argentinan duen ordezkari nagusiak Espainiara itzuli beharko du, Ministerioak hala eskatuta.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Albares Atzerri Gaietarako ministroak kontsultara deitu du Espainiak Buenos Airesen duen enbaxadorea, Javier Milei Argentinako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eta Begoña Gomez emazteari buruz gauza "larriak" esan ostean.

Gaztelania juridikoaren Hiztegi Panhispanikoaren arabera, enbaxadore bati kontsulta egiteko deia estatu bateko Atzerri Gaietarako Ministerioak emandako agindu bat da, beste herrialde batean duen enbaxadorea "berehala aberriratu dadin, gai jakin bati buruzko informazioa emateko eta jarraibideak jasotzeko".

Kasu honetan, Espainiako diplomaziak Argentinan duen ordezkari nagusiak Espainiara itzuli beharko du, Ministerioak hala eskatuta.

Igande arratsaldean, agerraldi berezia egin du Albaresek, Mileik Madrilen, Voxen ekitaldian, esandakoez hitz egiteko. "Publikoki barkamena" eska dezala galdegin dio, eta halakorik egiten ez badu, Espainiak bere "subiranotasuna eta duintasuna" defendatzeko "beharrezko neurriak" hartuko dituela iragarri du.

Ministroak salatu duenez, Mileik esandakoek "edozein desberdintasun politiko eta ideologiko gainditzen dute", eta "ez dute aurrekaririk nazioarteko harremanen historian, are gutxiago gureak bezalako bi herrialde eta bi herriren arteko harremanen historian".

Albaresek esan du Argentinako agintaria "fede onez" hartu dutela Espainiako hiriburuan, eta "errespetu eta begirune osoz" tratatu dutela, "Espainiako Estatuak hemen egon den bitartean behar zituen baliabide publikoak" bere esku jarriz, baina berak "gure demokraziaren, erakundeen eta Espainiaren aurkako eraso batekin erantzun digu", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Eguneko albisteak Albisteak Argentina Ultraeskuineko alderdi politikoak Latinoamerika