Politika -

Espainia

Sanchezek hitza hartuko du gaur Kongresuan, "Koldo auzia"ri eta Begoña Gomezi buruz azalpenak emateko

Espainiako Gobernuko presidenteak Europako Kontseiluaren azken ezohiko bilera azaltzeko agerraldia eskatu zuen, baina PPk beste hiru gairen inguruan azalpenak ematea nahi du: Gibraltar, Palestinako Estatuaren aitortza eta ustezko ustelkeria kasuak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Kongresuaren osoko bilkurara joango da gaur, berak hala eskatuta eta gogoetarako hartutako bost egunen ostean lehen aldiz, Europako Kontseiluaren azken ezohiko bilera azaltzeko. PPk, aldiz, beste hiru gairen inguruko azalpenak ematea nahi du: Gibraltarrekin egindako akordioaren inguruko ondorioak, Palestinako Estatua aitortzeko adierazpenari babesa lortzeko Europako hainbat herrialdetan egindako bira, eta Gobernuari eta Sanchezen senideei eragiten dieten ustezko ustelkeria kasuengatik irekitako ikerketak.

Javier Milei presidenteak Sanchezen emazte Begoña Gomezen aurka egindako akusazioengatik Argentinarekin izandako liskarraren ostean, badirudi gai horrek pisu are handiagoa hartuko duela eztabaidan, nahiz eta Guardia Zibilak ez duen aurkitu Manos Limpias ultraeskuineko sasi-sindikatuak apirilean Gomezen lanekin lotuta salatutako eraginen trafiko delitu zantzurik.

Juan Carlos Peinadori, Gomezen aurkako ikerketa abiatu zuen epaileari, bidalitako txosten batean UCOk azaldu du ez duela ikusten gobernuburuaren emazteak eraginik izan zuenik Air Europa airelinearen erreskatean, ezta Red.es-ek teknologia berriei buruzko prestakuntza-planetarako deitutako lehiaketetan ere. Espainiako Gobernuaren ustez, txosten horrek gai horri buruz defendatu izan duten tesia babesten du, hau da, "ez dago auzirik" eta ez dago ekintza irregularrik.

Diputatuen Kongresuko presidenteak, Francina Armengolek, eztabaida "konstruktiboa" izatea espero du. Alderdietako bozeramaileek presidentearen agerraldian hitz egiteko izango dituzten denborak minutu batzuk luzatu ditu Armegolek.

Kongresuko presidenteak hala erabaki du, PPk denbora-tarte handiagoa proposatu eta Bozeramaileen Batzordeak aztertu ondoren. Horrela, talde parlamentarioen denbora 15 minututik 20 minutura igaroko da Sanchezi erantzuteko lehen txandan, eta 5 minututik 7 minutura bigarren erantzunean. Armengolek denbora minutu batzuk luzatu du eztabaida sustatzeko eta elkarrizketaren alde egiteko, presidentearen gertuko iturriek azaldu dutenez.

Hala ere, Miguel Tellado PPk Kongresuan duen bozeramailea kexu agertu da Espainiako Gobernuko presidenteak denbora mugagabea duelako alderdi politikoek egingo dizkioten galderei erantzuteko, horiek egiteko minutu batzuk besterik izango ez dituzten bitartean.

"Ezin dira nahastu Espainiaren interes orokorrak atzerri politikan, Gobernuko presidente baten interes partikularrekin. Baina Sanchezen ikuspegia da bera eta Estatua gauza bera direla", azpimarratu du.

PPk 'Koldo auzia'ri eta Sanchezen emaztearen jarduerei buruzko 100 galdera prestatu ditu, Espainiako gobernuburuak asteazken honetan erantzun ditzan. Hala ere, Gobernuko iturriek gutxietsi egin dituzte PPk Sanchezi igorritako galderak. Moncloako iturriek adierazi dutenez, galderek ez dute funtsik, eta denbora galtzea eta adarjotzea dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Europar Batasuna Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Pedro Sánchez Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Palestina