Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak jipoia eman dio Atleticori Metropolitanon (1-4)

EITB Media

Osasunak sei jardunaldi zeramatzan garaipenik lortu gabe, baina gaurkoan partida bikaina jokatuko dute. Raul Garciak (2), Aimar Orozek eta Lucas Torrok sartu dituzte gorritxoen golak.

  • Osasunako jokalariak, Atleticori sartutako lau goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak, Atleticori sartutako lau goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipen handia lortu du gaur arratsaldean Atletico Madrilen aurka: 1-4 gailendu da Metropolitanon. Gorritxoek martxoaren 30ean lortu zuten azkeneko garaipena, eta harrezkero partidarik irabazi gabe egon dira. Alabaina, gaurkoan, bolada txarrari modu ezin hobean eman diote amaiera.

Osasunak madrildarrei aurre eginez eta hiru puntuak bereganatzeko asmo argiarekin ekin dio Metropolitanoko norgehiagokari.

Gorritxoak 25. minutuan aurreratu dira markagailuan, aurrez hainbat gol-aukera sortu ostean. Alboko falta baten ondotik, Ruben Garciak erdiratu du, Catenak buruz jo du baloia eta Raul Garcia ez du barkatu area barrutik egindako errematean.

Handik gutxira, Ruben Garciak min hartu du, eta haren ordez, Aimar Oroz sartu da zelaian.

Lehen zatiaren azken txanpan, Atleticok partida berdintzeko bi aukera garbi izan ditu, baina Linoren jaurtiketak langa jo du, eta, ondoren, kontra-eraso azkar batean, Griezmannek kanpora bota du baloia, bakarrik errematatu duen arren.

Aldageletatik buletan, bi taldeek jarrera bera erakutsi dute, lehia bizia izan da, eta Osasunak laster egin du bigarrena. Torrok egindako jaurtiketa aldaratzea lortu du Oblakek, baina baloia solte geratu da area barruan, eta Aimar Orozek sarera bidali du.

Atleticok hiru minutu geroago egin du 1-2koa, jokaldi azkar batean. Pase luzea eman diote Linori, honek arrasean erdiratu du eta Moratak ez du hutsik egin Herreraren aurrean.

Gorritxoak, baina, ez dira kikildu, eta 63. minutuan, Raul Garciak hirugarrena sartu du Osasunarentzat, errematea area barrutik eginda.

Partida bikaina borobiltzeko, laugarrena egin du Lucas Torrok. Boleaz, sekulako gola sartu du.

Gauzak horrela, Osasaunak 44 puntu pilatu ditu eta sailkapen nagusian 11. postura igo da, Getaferi eta Sevillari aurrea hartuta. Atletico Madrilek, berriz, laugarren tokian bukatuko du denboraldia.  

FITXA TEKNIKOA:

1 - Atletico: Oblak; Azpilicueta (Reinildo, 60. min), Savic, Gabriel Paulista (Morata, 46. min), Hermoso, Lino (Memphis, 60. min); Llorente, Koke (Vermeeren, 71. min), De Paul; Griezmann, Correa (Riquelme, 55. min).

4 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Herrando, Mojica; Lucas Torro; Ruben Peña (Moncayola, 71. min), Pablo Ibañez, Iker Muñoz; Ruben Garcia (Aimar, 30. min) eta Raul Garcia (Budimir, 84. min).

Golak: 0-1, 26. min: Raul Garcia. 0-2, 52. min: Aimar. 1-2, 54. min: Morata. 1-3, 64. min: Raul Garcia. 1-4, 88. min: Lucas Torro.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horia atera die Paulistari, De Pauli, Catenari eta Iker Muñozi.

Gertakariak: EA Sports Ligako 37. jardunaldiko partida. 58.401 ikusle izan dira Metropolitano estadioan.