Albisteak

Kontzertuak

U2k pabilioiak izango ditu lehentasun 2015eko biran

L.Z. | eitb.eus

Datorren urtean oholtza gainera ateratzeko asmoa dutela argitu du Bonok, baina ez du birari buruzko xehetasun gehiagorik eman.

"Biran aterako gara. Datorren urtean emango ditugu aurreneko kontzertuak, eta Londreseko O2 Arenan eta antzeko lekuetan izan nahi dugu; alegia, 'indoors' pabilioiak dira gure lehentasuna, 'outdoors' estadioen aurretik. Dena den, ikusiko dugu zer egiten dugun", esan berri du U2 taldeko kantariak.

Absolute Radion irrati katean Bono abeslariari egindako elkarrizketan jasotako adierazpenak dira hauek. Hitz horiekin berretsi du Bonok talde irlandarraren itzulera.

Duela gutxi iragarri genuenez, aurki argitaratuko dute Songs of Innocence diskoa. Dena dela, oraindik ez dute 2015ean abiatuko duten kontzertu birari buruzko xehetasun gehiagorik eman.