Itxi

prentsa oharrak

Umorea

"Wazemank 3.0", asteazkenetik aurrera ETB-1en

A.A.

EITB

Finkatuta dauden atalekin batera berri batzuk ere sartuko dituzte, esaterako, Bertsorzista, Xabier Amuriza beldurgarri batek estuasunetan dauden bertsolariei deabruak kanpora aterako dizkien tartea.

Asteazken honetan hasiko dira "Wazemank" berrituaren atal berriak ematen, gaueko hamarretan, ETB-1en. 45 minutuko saio honetan Euskadiko gizartearen eta telebistaren aktualitatea errepasatuko dute umore zorrotzez eta barrea eragiteko asmoz beti ere.

"Wazemank 3.0" saioan finkatuta dauden Sasianbarrena Autoeskola eta Euskal Herrian ezagunak diren pertsonaien testimoniyuak egiteaz gain, nazioartean ezagunak diren abestien euskarazko bertsioak egiten jarraituko dute. Horrez gain, Putakumia-ren azkeneko ekintzak ikusteko aukera ere egongo da.

Otsailaren 3an hasiko den denboraldi berrian, ordea, badira berrikuntza batzuk. Horien artean da Bertsorzista atal berria; Xabier Amuriza beldurgarri batek estuasunetan dauden bertsolariei deabruak kanpora aterako dizkie. Tarteka, Munillaren abenturiyak ere ezagutuko ditugu.

Horrez gain, euskaldun desberdinak eta euren bizimoduak aztertuko dituzte eta ETBko programa desberdinen zapping txiki bat ere egingo dute ETB Zapping-ean.

Atal klasikoen artean, Xabier Euzkitze eta Joxan Tolosa protagonista dituen Earki Gatxik eta Jose Mari Olasagasti aizkolariaren gorabeheretan oinarritutako Olasagasti Channel ere ikusiko ditugu.

"Wazemank 3.0" saioak aurrekoen ildoari jarraituko dio, gure buruaz barre egitea eta konpainia onean bada hobe. Astero gonbitea luzatuko digun lagun taldea Anjel Alkain, Mikel Pagadizabal, Ainere Tolosa, Mikel Laskurain, Egoitz Lasa, Jon Iraola eta Asier Sotak osatuko dute. Gidoilari lanetan Egoitz Lasa, Jon Iraola, Onintza Enbeita, Nagore Aranburu eta Pagadi arituko dira eta errealizadorea Miguel Mari Torrea izango da.