Itxi

prentsa oharrak

"Haratago" saioan ikusgai

Munduan zehar Joseph Stiglitzekin, astelehenean, ETB-3n

A.H.

EITB

Hasier Etxeberriak gidatzen duen programa munduko ekonomia globalean zehar murgilduko da ekonomista famatuaren eskutik.

Joseph Stiglitzek, 2001ean Ekonomiaren Nobel Saridun eta Bill Clintonen aholkulari izandakoak, munduari bira emango dio asteleheneko "Haratago" saioan ekonomia globalizatuaren begirada pertsonala emateko.

Stiglitzek Chicagoko bere auzoan hasiko du bidaia eta mundu zabalera abiatuko da gero: Ekuador, India, Botswana, Txina... Mundua dimentsio gehiagotan begiratzen erakutsiko digu bere solaskideen laguntzarekin. Horien artean Rafael Correa Ekuadorreko presidentea, Ketumile Masiré Botswanako presidente ohia, langileak, boskimanoak eta Indiako baserritar etsiak daude. Denek gaur egun mundua gidatzen duten paradoxak azalduko dituzte. Adibide gisa: lehengaietan aberats diren herrialdeak, hots, petroleoa, mineralak eta horrelako materialak dituztenak, planetako herrialderik behartsuenak dira, edo ekonomilariaren hitzetan "oparotasunaren paradoxa"n bizi dira.

Jacques Sarasin dokumental honen egile eta errealizadoreak horrela dio: "Globalizazioa bi abiaduratan egiten ari dela egiaztatuz, Stiglitzek irtenbideak daudela erakusten du, globalizazioak ez dakarrela zoritxarra, baizik eta guztiontzat onuragarri izan daitekeela".

Nobel Saridunak globalizazioaz daukan ikuspegia azaltzen du dokumentalean: ingurumena errespetatzen duen globalizazioa posible dela dio, langabeziarekin, soldata txikiekin eta lan baldintzekin lotuta dauden gatazka sozialak konpontzeko gai izango den globalizazioa.

XXI. mendeko pentsalari bikain honen erretratoa ikusteko eta ekonomian haratago joateko parada izango da Munduan zehar Joseph Stiglitzekin dokumentala, asteleheneko "Haratago" saioan, gaueko 22:00etatik aurrera ETB-3n.