Itxi

Bertsolaritza

Ostegun goizetan

Hitzetik Hortzera eitb.com-en, telebistan baino lehenago

Erredakzioa

Aste honetan hasita, ostegun goizetan izango da ikusgai bertsolaritzari buruzko saioa eitb.com/kultura/bertsolaritza atalean. Orain arte legez, facebook-en ere eskegiko dituzte aurrerapenak.

Hitzetik Hortzerak 22 urte beteko ditu aurten pantailan eta Internet lehenesten duen Euskal Telebistako aurreneko programa da. Telebistaz emititu baino lehenago sarean ikusi ahal izango da aurrerantzean Hitzetik Hortzera. Orain arte ere programa oso-osorik ikusi ahal izan da eitb.com/kultura/bertsolaritza atalean. Alabaina ostiral goizetan zintzilikatu ohi zen sarean, bezperan ETB3-n eman ostean. Aste honetan hasita, ordea, ostegun goizetan jarriko da ikusgai bertsolaritzari buruzko saioa. Programa osorik, sei zatitan emana, eitb.com-en jartzeaz gain facebook-en astero aurrerapenak -eta emisioan sartu ezin izan diren bertsoaldiak- eskegitzen segiko dute, orain arte legez.

Estazio abandonatu bat, aulkietan dozenaka bertsozale, eta Hamaika Bertutekoak istorio alaiak asmatzen

Zestoako Geltoki Zaharra Argizulo etxea bihurtu zen duela zazpi urte okupatu zutenei esker. Hutsa eta hitsa zegoen etxea biziberritu egin dute eta egunotan ospatu dute zazpigarren urtemuga. Bertso afari berezia egin dute bertan Hamaika Bertuteko Iñigo Manzisidor Mantxi, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi eta Iker Iriarterekin. Apoteosia eragin zuten estazio zaharreko bertsozaleengan gitarra eta aho-soinuz lagundutako bertsoaldiek.

Abadiñoko gaztetxean, giro intimoagoan kantatu zuten Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak. Edozein gai jarrita ere, poesia egiteko kapaz da bikote hau. Adibide modura, tabakoaren eta erretzeko paperaren roletan egin zuten bertsoaldia.

Gainera Nafarroako Txapelketaren berri ere emango dute, finalerdietara igaro direnen izenak argitu baitira asteburuan Garesen. Estitxu Arozenak irabazi du azken final laurdena, eta oholtzatik jaitsi berri bere inpresioak jaso ditu Amaia Uribek. Arabako Txapelketa ere aurkeztu da asteburuan. Berrituta dator, kuadrilen arteko lehia izango baitugu aurten eta sekula baino parte-hartzaile gehiago izango du.