telebista
Gaurtik aurrera
Antxon Urrosolo ETBra itzuliko da "Aspaldiko" saio berriarekin
A.A.
EITB
Hainbat atal izango dituen bazkalondoko egunkari bat izango da: aktualitatea, elkarrizketak, bizimodu ezberdinen kronikak, pertsonaiak...
Gaur arratsaldean, otsailak 15, "Aspaldiko" saio berria estreinatuko du ETB-2k, Antxon Urrosolok aurkeztuta. Informazioa, zirrara, entretenimendua eta zerbitzu publikoa izango dira programaren ildo nagusiak. Astelehenetik ostiralera, bazkalostean kaleratuko den egunkari antzeko bat izango da eta hainbat atalek osatuko dute: aktualitatea, elkarrizketak, bizimodu ezberdinen kronikak, pertsonaiak...
Antxon Urrosolok bi aurkezle laguntzaile izango ditu: Maite Esparza eta Arantza Sinobas. Hamar erreportari eta kolaboratzaile taldea izango du gainera. Gertakizun eta jazoera anitzen berri eman eta ikus-entzuleari hainbat gaiei buruz aholkatzea izango da euren egin beharra. Arratsaldeko saioak, gainera, kaleko jendea hartuko du, jorratuko diren gaien inguruan lekukoa eman eta gaiei buruzko ikuspegia osa dezaten. Gonbidatu ezagun eta ezezagunak ere izango dituzte. Ikus-entzuleek gonbidatuei galderak egiteko aukera izango dute telefonoz, posta elektronikoz eta Facebook eta Twiter bezalako sare sozial bidez.
Tertulia mahaian kronikariak eta adituak ere egongo dira: kazetariak, psikiatrak, enpresariak, legelariak, kriminologoak, umoristak, medikuak, finka administratzaileak, gizarte laguntzaileak... eta apaiz bat ere bai.
Solasaldi politikoak egingo dituzte PSOEko Roberto Lertxundi, EAJko Iñaki Anasagasti eta PPko Ramon Rabanerarekin, eta tarteka diputatuak diren hiru emakume ere etorriko dira.
Saioaren asmo nagusietako bat ikus-entzulearekin lotura sentimentala lortzea izango da. Sorpresaz betetako topalekua izango da batzutan eta iraganean jazotako ekintzetara ere eramango gaitu beste batzuetan. Atal finko bat izango dute, hain zuzen ere, ETBko historian protagonista izan diren herritar anonimoak bilatzeko. Estreineko saioan, duela 22 urte telebistan mozorroturik agertu ziren tolosar batzuk topatzeko deia luzatuko die ikus-entzuleei, gaur egun zertan dabiltzan jakiteko.
Aktualitateaz gain, "Aspaldiko" saioak egunero gai bat sakonean aztertuko du. Lehenengo programan jaraunspen kontuak izango dituzte hizpide. Gure senitartekoa ez den norbait izendatu al dezakegu gure oinordeko? Jarauspen arau ezberdinak al daude? Galdera hauek eta beste hainbat erantzuteko hainbat aditu gonbidatuko dituzte, tartean, Andres Urrutia notarioa. Eta Alberto Aguirrebeitiaren kasua azalduko dute, amak desheredatu duen semearena, alegia.
Datorren asteleheneko gonbidatua Alfredo Amestoy izango da. Kazetari, idazle eta komunikatzaile bilbotarrak lehengo eta oraingo telebistaren errepasoa egingo du Antxon Urrosolorekin.
"Aspaldiko" saioak garai bateko oroitzapenak eta film ezagunak ekarriko ditu gogora La vida filmada izeneko atalean eta astero abandonatutako txakurrei eskainitako tartea izango du; abegi-familiak bilatzeko deia zabalduko dute.
Ostiraletan, asteko tentsioak uxatu asmoz, beste ukitu bat izango du programak. Aktualitatea ahaztu gabe, asteburuari begira aisialdirako eta entretenimendurako proposamenak egingo dituzte. Eta umore puntua jartzeko Oscar Terol, David de Jorge, Seve Diez eta Luis Figuerola Ferreti etorriko dira, besteak beste.
"Aspaldiko" astelehenetik ostiralera izango da ikusgai 16:00etan ETB-2n.