Gaztea

Gaztea Sariak

Gaztea Sarietarako gida: ordutegiak, alfonbra gorria, ‘dresscode’a eta nola iritsi

Gaztea

Ostegunean sekulako festa egingo dugu Euskaldunan. Tiketa lortu duzun zorionekoetako bat bazara, hona joan aurretik behar duzun informazio praktiko guztia.

  • Gaztea Sariak

    Gaztea Sariak

Itxaronaldi luzearen ostean, iristear da Gaztea Sarien 2023ko gala. Bilboko Euskalduna Jauregiko Urban Hall espazioan izango da, ostegun honetan (martxoak 2), 19:30ean. Euskal musikaren 2022ko uztak utzitako onena saritzeaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da.

Galan zehar, Merina Gris, Neomak, ETS eta Süne artisten musika entzungo duzu, galarako propio prestatutako ikuskizunetan. Sari banaketa bukatuta eta gauari merezi duen amaiera emateko, Bulego taldeak kontzertu berezia eskainiko du.

Ordutegiak

Ekitaldia 19:30ean hasiko den arren, 18:00etatik aurrera izango da Urban Hallera sartzeko aukera.

Sari banaketa hasi baino lehenago bertaratzen direnek, toki onena hartzeaz gain, aurpegi ezagunen photocalla eta "GU" saio bereziaren zuzenekoa ikusteko aukera izango dute.

"GU" saio berezia

"GU" saioko kideek Urban Hallen gertatzen ari denaren zuzeneko kontaketa egingo digute, irrati zein streaming bidez, 17:00etatik 19:30era. Galara gonbidatutako artistak ere bertatik pasatuko dira, baita saioko hainbat kolaboratzaile ere.

Hau guztia gutxi balitz bezala, famatuen alfonbra gorriko photocalleko zuzeneko kontaketa egingo digute Ibon Fernandez, Maite Garmendia eta Alain Perezek, Jon Fernandez lagun dutela.

'Dresscode'a

Iritsi zaigunez, bertaratuko zaren askok janzkeraren inguruko zalantzak dituzue. Dresscode (janzteko protokoloa) zehatzik ez dagoen arren, guk Gazteako armairu guztiak astindu ditugu urteko ekitaldirako. Azken unera arte sekretua gordeko dugun arren, euskal diseinatzaileen aldeko apustua egin dugu aurten.

Beraz, ekitaldiaren tamaina kontuan izanda, izan orijinalak eta ausartu armairuaren atzealdean gordeta duzun fantasia guztia janzten. Faktore garrantzitsu hau ahaztu gabe: ekitaldia leku itxi batean den arren, ostegunean hotza egingo du Bilbon. Aemeten iragarpenaren arabera, 3 eta 12 gradu bitarteko tenperatura izango dugu, eta litekeena da gauean zaparradaren bat botatzea.

Nola iritsi

Oinez, tranbiaz, metroz eta autoz irits zaitezke Euskalduna Jauregira. Tranbia aukeratuz gero, La Casillako noranzkoan doan trena hartu eta Euskalduna izeneko geltokian jaitsi.

Metroz etorri nahi izanez gero, L1 edo L2 linea hartu eta Santimami/San Mamesen gelditu. Bertatik, bost minutuko ibilaldia dago Euskaldunara, Sabino Arana kaletik behera.

Azkenik, autoa bertaraino eraman nahi duenak Euskalduna Jauregiko parkingean utzi dezake ibilgailua.