Gaztea

Maketa Lehiaketa

Itzek, Ganibet, Zilibito Records eta Enbata Lorade, 2023ko Maketa Lehiaketako finalean

Gaztea | EITB Media

Azaroaren 16an zuzeneko emankizuna eskainiko dute Bilboko Sala BBK aretoan. Bertatik aterako da aurtengo Maketa Lehiaketako irabazlea.

  • Maketa Lehiaketako finalistak

    Maketa Lehiaketako finalistak

Itzek, Ganibet eta Zilibito Records batu zaizkie Enbata Lorade taldeari (publikoaren bozkatuena), 2023ko Maketa Lehiaketako finalista gisa. Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak aukeratu hiru taldeak, aurten jasotako 200 maketatik gora entzun ostean.

Mungiarrak dira Nekane Otazua, June Aresti eta Antton Elorriaga, Itzek taldeko hiru kideak. Duela urtebete hasi ziren elkarrekin musika egiten eta dagoeneko eman dituzte hainbat kontzertu. Abesti bakarra publikatu dute: "Nartziso".

Bigarren proposamena Altsasutik dator, bertakoak baitira Ekain eta Amaiur, Ganibet bikoteko kideak. 2023an hasi dira kantak ateratzen, hainbat euskal talderen abesti ezagunen bertsioak gehienetan. Elektronika lantzen dute eta euren abesti propioak sortzeko prozesuan daude murgilduta.

Zilibito Records sei lagunek osatutako kolektibo oiartzuarra da. Trapa, pop-punka, bachata, hyperpopa eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte euren etxeetan sortutako abestietan. Aurtengo ekainean publikatu dute "Hastapenak" izeneko lehen diskoa.

Enbata Lorade, entzuleen aukera

Bakioko banda izan da aurtengo Maketa Lehiaketaren bozketa faseko garailea, botoen % 23 eskuratuta. Final handian GAZ saria eskuratuko du taldeak (2.500 euro).

Euren musika definitzeko eskatuta, "estilo zehatzik ez duen baina soinu konkretu bat bilatzen duen musika" egin nahi dutela diote. "Marea", "Zuzen" eta "Egurre" maketak aurkeztu dituzte.

Finala: azaroak 16, Bilbon

Finalisten izenak ezagututa, azaroaren 16an izango da aurtengo hitzordua. Egun horretan ikusiko ditugu lau partaideak oholtza gainean, euren onena ematen.

Bertatik aterako da aurtengo irabazlea, 5.000 euro eskuratzeaz gain, 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango duena.

Bestela, Enbata Loradek eramango duen GAZ Sariaz gain, finalistetako batek Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat irabazteko aukera izango dute, Harrobia Sariari esker.