Gaztea

Urrezko Globoak

‘Succesion’, ‘The Bear’ eta ‘Beef’ telesailak, 2024ko Urrezko Globoetan garaile

B. F. | EITB Media

Pantaila handian, Christopher Nolanen ‘Oppenheimer’ nagusitu da, bost sarirekin. Musika garaikurretan, Billie Eilish eta Finneasek eraman dute abesti original onenaren saria, ‘Barbie’ filmarentzat sortutako “What Was I Made For?” abestiarengatik.

  • Ayo Edebiri Jeremy Allen White, 'The Bear' telesaileko protagonistak

    Ayo Edebiri Jeremy Allen White, 'The Bear' telesaileko protagonistak. Argazkia: EFE

Bart ospatu dute Urrezko Globoen sari banaketa, Los Angeleseko Beverly Hilton Hotelean. Pantaila handiko sarien artean, "Oppenheimer" izan da jaun eta jabe; drama onenaren, zuzendari onenaren (Nolan), dramako gizonezko aktore onenaren (Cillian Murphy), bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Robert Downey Jr) eta soinu banda onenaren (Ludwig Göransson) sariak eraman ditu.

Telesailetan, ostera, hiru izen: "Succesion", "The Bear" eta "Beef". Lehenak, dramako telesail onenaren saria irabazi du, 2020an eta 2022an bezala. Gainera, Kieran Culkin, Matthew Macfadyen eta Sarah Snook aktoreek garaikur bana eskuratu dute.

"The Bear"  (HBO Max) 2023ko aurkikuntzetako bat izan da, baita akademiarentzat ere. Hiru Urrezko Globo eraman ditu: komedia telesail onenarena, komedia telesaileko emakume aktorerik onenarena (Ayo Edebiri) eta komedia telesaileko gizon aktorerik onenarena (Jeremy Allen White).

Azken honek prentsako lerroburuetako protagonista izaten hasi du 2024a, Rosalía abeslariarekin duen harremana tarteko.

"Beef" (Netflix) telesail estatubatuarrak ere hiru garaikur eraman ditu: minisail onenarena, miniserieko gizon aktore onenarena (Steven Yeun) eta minisaileko emakume aktore onenarena (Ali Wong).

Musikari lotutako sarietan, Billie Eilish eta Finneasek eraman dute abesti original onenaren saria, 'Barbie' filmarentzat sortutako "What Was I Made For?" abestiarengatik. Soinu banda onenaren saria, ostera, Ludwig Goransson "Oppenheimerren" musikaren egileak bereganatu du.

, Billie Eilish eta Finneas neba-arrebak, alfonbra gorrian. Argazkia: EFE

Billie Eilish eta Finneas neba-arrebak, alfonbra gorrian. Argazkia: EFE

Galako bitxikeriak

Taylor Swift eta Selena Gomez izan dira gaueko zurrumurru nagusiko protagonistak. Izan ere, galan zeuden gonbidatu batek grabatutako bideo batean ikus daitekeenez, Gomezek honakoa esan dio Swifti, ahopetik: "Argazki bat eskatu diot eta ezetz esan dit". Swiftek "Timothéerekin?" galdetu dio, eta besteak buruarekin baietz erantzun.

Sare sozialetako erabiltzaileen hipotesien arabera, Kylie Jennerri buruz ari dira bi lagunak. Azken hau Timothée Chalamet bikotekidearekin laztanak eta musuak trukatzen ikusi dugu Urrezko Globoen galan.

Bestela, Cillian Murphy irlandar aktoreak bere ibilbideko lehen Urrezko Globoa jaso du ("gizon protagonistarik onena, "Oppenheimer"engatik) eta aurpegia emaztearen ezpainetako margoz tindatuta eman ditu eskerrak.