Zinema
81. edizioa
'Oppenheimer' argi nagusitu da Urrezko Globoetan
N. V. | EITB Media
Christopher Nolanen filma bost ataletan gailendu da, tartean drama onenarenean, zuzendari onenarenean eta dramako gizonezko aktore onenarenean, zeina Cillian Murphy izan baita. "Poor Things" Yorgos Lanthimosen lanak jaso du komedia onenaren Urrezko Globoa.
'Oppenheimer' Christopher Nolan zuzendariaren filma zalantzarako biderik utzi gabe gailendu da bart Hollywoodeko sarien lehen aurrez aurrekoan: Robert Oppenheimer fisikaria, bonba atomikoaren asmatzailea, protagonista duen filmak drama onenaren, zuzendari onenaren (Nolan), dramako gizonezko aktore onenaren (Cillian Murphy), bigarren mailako gizonezko aktore onenaren (Robert Downey Jr) eta soinu banda onenaren (Ludwig Göransson) sariak eraman ditu.
"Christopher Nolanen platoa zapaldu nuen lehen momentutik, zerbait ezberdina zela jakin nuen. Zuzendari ameslari eta maisu baten eskuetan nengoela jabetu nintzen, zehaztasun, kontzentrazio eta ardura mailagatik", esan du Murphyk dramako gizonezko aktore onenaren saria jasotzeko orduan.
"Barbie" gaueko faborito nagusia zen, izendapen gehien zituen lana baitzen, baina ez zituen kritikarien aurreikuspen onak bete, eta bi ataletan soilik nagusitu da: arrakasta zinematografikoaren sail berrian eta jatorrizko kantu onenarenean, "What Was I Made For?" Billie Eilishen abestiari esker.
Bestalde, "Poor Thing" Yorgos Lanthimosen zientzia-fikziozko komedia aztoragarriak lortu du komedia onenaren Urrezko Globoa, baita, Emma Stoneren lanari esker, komediako emakumezko aktore onenarena ere.
Halaber, "Anatomie d'une chute" frantses pelikulak lortu du atzerriko film onenaren Urrezko Globoa.
Beverly Hillsen, Los Angelesen (AEB), egindako galan, ez da ia adierazpen politikorik izan, eta apenas aipatu diren boto emaileak berritu izana eta sariek jabe berriak dituztela. 2023ko hasieran, Dick Clark Prods eta Eldridge Industries etxeek Urrezko Globoen esplotazio ustiapen eskubideak erosi zizkieten Hollywoodeko Atzerritar Prentsaren Elkarteari.
Gaueko mezurik azpimarragarriena Lily Gladstone jatorrizko amerikarrarena izan da. "Killers of the Flower Moon" Martin Scorseseren filmean egindako lanari esker lortutako saria, dramako emakumezko aktore onenarena, siksiká oinbeltzen hizkuntzan eskertu du.
Telebista
Telebistari dagozkion ataletan, "Succession"en (HBO Max) laugarren eta azken atalak aurreikuspenak bete ditu, eta dramako telesail onenaren saria irabazi du, 2020an eta 2022an bezala, baita gizonezko aktore onenaren saria ere, Kieran Culkinen lanari esker.
Gainera, Sarah Snook eta Matthew Macfadyen kideak ere saritu zituzten, telesail dramatikoko emakumezko aktore onenaren atalean eta bigarren mailako emakumezko aktore onenaren atalean hurrenez hurren.
Pantaila txikiko beste bi fenomenoak "The Bear" (FX) eta "Beef" (Netflix) izan dira; hiruna sari jaso dituzte telesail komiko onenaren eta teleseil mugatuaren ataletan.