Gaztea

ZEIDFEST Gaztea

ZEIDFEST Gaztea: kartela osatuta, hau da apirilaren 13an BEC!en izango duguna

B. F. | EITB Media

Julen Hernandezek aurkeztu digu ZEIDFEST Gaztearen aurtengo proposamena, EITBren Bilboko egoitzan. Apirilaren 13an, goizeko 10:30ean hasita, musikaz gozatzeko hitzordu ahaztezina izango dugu BEC!en.

  • ZEIDFEST Gaztearen kartela

    ZEIDFEST Gaztearen kartela

Apirilaren 13an, 10:30ean abiatuko da ZEIDFEST Gaztea, Naizen elkartearen ohorezko ate irekierarekin. Ordu horretatik aurrera, kontzertuak, zuzeneko irratsaioak, euskal sortzaileen azoka eta DJ set bereziaz gozatzeko aukera izango da.

Julen Hernandez ZEIDFEST Gazteako komunikazio arduradunak prentsaurrekoan azaldu duenez, denok disfrutatzeko espazio seguru bat sortzea da aurtengo helburu nagusia. Horretarako, adin eta forma guztietako publikoari eskainitako programazio berezia prestatu du jaialdiak.

ZEIDFEST Gaztearen aurkezpena

ZEIDFEST Gaztearen aurkezpena

Gatibu eta Eire izango dira jaialdia irekitzeaz arduratuko diren bi taldeak, eta Delaporte eta Bsrk Kolectivek itxiko dute eguna, festa giroan.

Bitartean, IZARO, ZOO, Bulego, Merina Gris, La Plazuela, Tanxugueiras, Tatta, Bulego, Etxepe, Euskoprincess, Yadam, Janus Lester, Elektropottotte, The Tyets, Mutiko, Fillas de Cassandra, Lia Kali eta Sara Zozaya ere ikusiko ditugu oholtza gainean.

Berritasun gisa, aurten DJ Seta izango da azoka gunean. Bertan, Jonkassek jarriko du musika eta Barratik Kalerako lagunak publikoarekin hartu-emanetan arituko dira. Gainera, Cuernolobo artistak (aurtengo kartelaren egileak) bere lan egiteko modua erakutsiko du zuzeneko marrazketa saioan. Iazko legez, euskal trabestien showaz gozatzeko aukera izango da, Albina Stardust, Xarma Leone, Divina Comedia eta Yogurinha Borovaren eskutik.

Gaztean, gure aldetik, Top Gaztea saioa zuzenean emitituko dugu. Gainera, 15:00etan hasita, ZEIDFEST Gazteari buruzko saio berezia egingo dugu, BEC!etik. Gainera, egunean zehar gertatzen den guztiaren berri emango dizuegu gure sare sozialen bitartez.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, 34,5 euroan, ZEIDFEST Gaztearen webgunean.