Gaztea

Internet

Sareetan ikusia: Taylor Swiften disko bikoitzaren erreakzioak eta Spice Girlsen elkartzea

B. F. | EITB Media

Ezustekoan harrapatu gintuen Swiften disko bikoitzaren berriak. Aurretik iragarritako ‘The Tortured Poets Department’ lanaz gain, beste 15 abesti dira entzungai ‘The Antology’ izeneko bigarren zatian.

  • Taylor Swift

    Taylor Swift. Argazkia: Beth Garrabrant

Gogotsu espero zuten Taylor Swiften zaleek The Tortured Poets Department izeneko diskoa. Bere hamaikagarren diskoko 16 kanta berriez gain, The Antology izeneko bigarren zati bat (disko bikoitz formatuan) plazaratu du estatubatuar artistak.  

Orotara, 31 abesti eta bi ordutik gorako disko bikoitza kaleratu zuen artistak iragan ostiralean.

Swiften zalego sutsuak ohiko berotasunarekin egin dio ongietorria album berriari, eta bertan aurki daitezkeen letrek zeresana eman dute sare sozialetan.

Bada, zaleen ustez, abesti horietako letretan Matty Healy (The 1975 taldeko abeslaria) bikotekide ohiari zuzendutako mezuak daude. "The Smallest Man Who Ever Lived" kantan, adibidez, Healyren janzkera duen eta droga kontsumitzen duen gizon bati (Healyk berak publikoki onartu du droga kontsumitzen duela) abesten dio. Gainera, The 1975ren musikari egindako hainbat keinu aurkitu dituzte Swiften zaleek, "imgonnagetyouback" eta "I Can Fix Him (No Really I Can)" abestietan.

Spice Girl-ak, batera, Victoria Beckhamen 50. urtebetetzean

Victoria Beckhamek bere 50. urtebetetzea ospatu du asteburuan, Londresen. David Beckhamek (Victoriaren senarrak) Instagramen publikatutako bideo bati esker izan dugu Spice Girls taldeko bost kideen elkartzearen berri.

Aipatutako argitalpenean, britainiar boskotearen "Stop" abesti ikonikoa dantzatzen ikusi ditugu Melanie C, Geri Halliwell, Melanie B, Emma Bunton eta Victoria Beckham bera ere. Bideoak 1.500.000 liketik gora eskuratu ditu egun bakarrean eta Spice Girlsen artean zegoen ustezko tentsioaren inguruko zurrumurruak ezeztatzeko balio izan du.