cerrar buscador

17:52

Bilbo

Gabonak

Bilbo Olentzeroren bisita hartzeko prest dago

Agentziak | Erredakzioa

Kalejira Moyua Plazan hasiko da eta Nafarroa kaletik pasa eta gero, Arriagara iritsiko da. Larunbatean, ikazkin maitatua agurtzeko eta gutunak emateko aukera izango dute haurrek.

  • Olentzero. Artxiboko argazkia: EiTB

    Olentzero. Artxiboko argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Olentzero Euskadiko mendietan ezkutatuta duen baserritik irtengo da datorren astean. Arrazoi horregatik, Bilboko Udalak ikazkinari harrera egiteko antolakuntza prestatzen hasi da. Hala, haurrek zein helduek hiriko kaleetatik igaroko den kalejiran parte hartzeko aukera izango dute abenduaren 23an (ostirala). Larunbat goizean, berriz, haurrek ikazkin maitatua agurtzeko eta gutunak zuzenean emateko aukera izango dute, Arriaga Antzokian.

Olentzero ez da bakarrik etorriko. Urtero bezala, Mari Domingi, Basajaun eta galtzagorri bihurriak berarekin ibiliko dira. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 17:45ean, Moyua Plazan, hasiko da kalejira. Ondoren, Kale Nagusia zeharkatuko du bilbotar guztiak agurtzeko eta plaza Biribilera helduko da. Nafarroa kaletik pasa eta gero, Arriagara iritsiko da.

Galtzagorriek kolorea eta mugimendua emango diote kalejirari eta argizko bengalak eta titaniozko hornigailuak erabiliko dituzte Bilboko kale nagusiak argitzeko. Horretarako, Udalak hiru egitura laguntzaile prestatu ditu, bengalen bitartez argia emateko.

Ibilbidean zehar, galtzagorriek umeen gutunak jasoko dituzte, kalejira amaitutakoan Olentzerori emateko. Gainera, zanpantzar, erraldoi, trikitilari eta beste hainbat musikariek euskal musika-tresnez Arriaga Antzokirako bidea girotuko dute. Bertan, musika talde batek 30 minutuko ikuskizuna eskainiko du.

Era berean, Olentzerok eta Mari Domingik Arriaga Antzokiaren balkoitik bertaratutako haur guztiak agurtuko dituzte. Ondoren, plazan dauden umeekin batera gabon kanta ezagunak abestuko dituzte.

Bilboko haurren harrera Arriaga Antzokian

Abenduaren 23ko ikuskizun horren ostean, Olentzero eta Mari Domingik atseden hartuko dute Arriaga Antzokian, hurrengo egunean lan handia izango baitute. Hala, abenduaren 24an, 11:00etatik 14:00etara, Arriagara hurbiltzen diren ume guztiei harrera egingo diete.

10:00etatik aurrera, Areatzan dagoen txurro-dendaren ondoan txartelak banatuko dituzte. Gehienez hiru txartel hartu ahal izango ditu bakoitzak eta umeekin doazen nagusiek ez dute txartelik beharko. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, guztira 1.500 txartel banatuko dira eta horiek Arriaga Antzokirako sarreraren ordena markatuko dute.

Iruzkinak